Amaia Jackson, kontaketa baten aurpegia

Dorleta Agiriano Lai 2018ko urr. 10a, 10:00
Amaia Jackson, 'Black is beltza' dokumentaleko protagonista. (Onintza Lete Arrieta)

Fermin Muguruzak Zinemaldian aurkeztutako Black is beltza filmari buruzko dokumentala da Beltza naiz. Bertan, Amaia Jackson zarauztarraren bizitza da milaka aurpegi dituen kontaketa eta istorio baten abiapuntua. «Muguruzak proiektuaren berri eman zidanean, niretzako egina zegoela sentitu nuen».

1965eko urrian gaude. New Yorkeko Bosgarren Hiribidean desfilatzeko gonbita jaso du Iruñeko San Ferminetako erraldoien konpartsak. Ezingo dute, ordea, denek desfilatu: arrazagatiko bereizkeria dela kausa, agintari ipar-amerikarrek debekatu egin dute erraldoi beltzen parte hartzea.

New Yorken 1965ean jazotako istorioa biltzen duen komikia animazio film bihurtu du Fermin Muguruzak. Donostiako Zinemaldian aurkeztu berri dute emaitza; Black is beltza. Muguruzaren esanetan, «istorio kilikagarri honek fikzioa eta errealitatea uztartzen ditu; espioitzaz, iraultzaz eta maitasunaz hitz egiten du». Berak zuzendu du filma, eta gidoia idazteko ardura ere izan du, Harkaitz Canorekin eta Eduard Solarekin batera.

Beltza naiz

Black is beltza filmaren making offetik jaio da Beltza naiz dokumentala, eta bertan, Amaia Jackson zarauztarrak josi du hari narratiboa. Jacksonek azaldu duenez, «Film bat baino askoz gehiago da Black is beltza. Proiektu oso bat da, eta animaziozko emaitzaren aurretik, beste iniziatiba batzuk izan zituen Muguruzak, musika alorrean edo argazkigintzan, esate baterako. Hau guztia jaso eta kontatuko zuen dokumental bat sortzeko ideia bururatu zitzaion, eta noski, hau guztia kontatuko zuen pertsona bat ere behar zuen. Horregatik jo zuen nigana».

Muguruzak Beltza naiz dokumentaleko protagonista izateko proposamena egin zionean, Jacksonek ez zuen inolako zalantzarik izan: «Ezin nion ezetzik esan. Proiektuaren berri eman zidanean, niretzako egina zegoela sentitu nuen». Euskal Herrian jaio eta hazi arren, sustrai afrikarrak ditu; ama zarauztarra da, eta aita, Tanzaniakoa zen.

Black is beltza proiektuak «kulturaniztasuna, parekidetasuna eta elkarren arteko errespetua» aldarrikatzen dituela dio Jacksonek. «Nik naturaltasun handiz eraman izan ditut beti nire izatea eta nire sustraiak. Txikitatik jakin izan dut nolabait desberdina naizela; oroitzen naiz umetan ile luzea izan nahi nuela eta ezin nuela, goraka hazten zitzaidalako. Dena den, ez nuen desberdintasun hori modu negatiboan ulertzen. Garai batean konplexuak izan zitezkeenak, nire ahulguneak, nire indargune bihurtzen ikasi nuen». «Proiektuaren balioak irudikatzen ditudalakoan, Muguruzari ideia ona iruditu zitzaion dokumentaleko protagonista ni izatea».

Amaia Jacksonen bizitza da dokumentalaren abiapuntua. «Nire bizitza eta nire gurasoena kontatzen ditut hasieran; nola ezagutu ziren hain jatorri eta kultura desberdineko bi pertsona, beren arteko maitasuna, nola jaio nintzen ni, nire aitaren egoera zein zen, eta abar». Behin biografia honi helduta, dokumentalean zehar, Black is beltzan parte hartu duten pertsona desberdinei elkarrizketak egiten dizkie Jacksonek. «Alor askotako jende askok hartu du parte proiektuan, eta guztiek inplikazio handia erakutsi eta erakusten dute».

Jacksonek dioenez, «oso harrera ona» izan du Beltza naizek. Irailaren 28an estreinatu zuten Zinemaldian Black is beltza filma, baina horren aurretik, irailaren 13an, Principe zinemako gela bat hartu eta dokumentala eman zuten. «Dokumentala ikustean, filma ikusteko sekulako gogoa sartzen zaizu. Black is beltzaren atzean dagoen lan guztiaz ohartzeko aukera ematen du dokumentalak; eman diren pausu guztiak, lanean aritu den jende guztiaren konpromezua. Hau guztia ikustean, ezin zara filma ikusi gabe gelditu».

Zaharrak berri

Urriaren 5ean hasi ziren Black is beltza zinemetan ematen (Azpeitian eta Zumaian ere ikusgai izango da), eta Jacksonek azaldu digunez, jende ugari bertaratu da jada filma ikustera. «Gaia oso potentea da, eta gainera, oso egungoa. Izan ere, arrazakeria oso presente dago oraindik. Agian forma desberdinak hartu ditu gaur egun, baina hor jarraitzen duen zerbait da». Bestalde, filmak beste zenbait ertz ere ukitzen dituela azpimarratu du Jacksonek: «Arrazakeriaren auzitik abiatu arren, beste gai batzuk ere lantzen dira. Beste iraultza batzuk ere jorratzen dira». Honela azaltzen du Muguruzak filmak aurpegi desberdinen bidez osatzen duen kontaketa: 

«New Yorkeko desfilea, Kubak zuzenduriko operazio ezkutua eta istorioak ukituriko hiriak, 1967 urtean girotuak, gure narrazioaren inguruan hasi ziren jira-biran eta dantzan, Iruñeko konpartsako erraldoiak bezala San Fermin jaietan; New York eta The Factory, Harlem eta Malcolm X-en heriotzaren ondorengo arraza-iskanbilak, Apollo aretoa eta soul-a, Muhammad Ali tximeleta gisa flotatzen zela, erleak bezala ziztaka, Kuba eta yoruba erritmoak, Mexiko eta Juan Rulfo infinitua, Los Angeles eta Tin Tan, Monterreyko festibala eta Xalbadorren bertsolari-finala, San Francisco eta Black Power, Montrealgo Expoa eta Charles de Gaulle, Algeria eta Cheikha Rimitti, Madril Francoren diktadura zitalaren pean, eta Che-ren, beti Che-ren, presentzia».

Bestalde, Black is beltzaren generoa ere berrikuntza bat dela uste du zarauztarrak. «Ohikoa da haurrei zuzendutako animaziozko filmak ekoiztea, baina helduentzat izatea ez dago hain ikusia. Helduei zuzendutako animaziozko ekoizpen bat da, eta gainera, euskaraz. Filma bera erabat berritzailea da, zentzu askotan». Osagai desberdin hauek guztiek lortu dute filma hain arrakastatsua izatea, Jacksonen ustetan. «Gainera, Fermin Fermin da, eta badakigu jendeak beti espero duela asko beragandik».

Berria ez den auzi bati modu berritzailean helduz, filmak «borroka mezu bat» zabaldu nahi duela dio Jacksonek. «Gutxienez, hori da proiektuaren bidez nik ikasi dudana. Bidegabekeria bat ikustean, altxa eta horren aurka zerbait egin beharra dago. Ezin gara ezer egin gabe geratu. Zerbait justua ez dela sentitzean, barruan sentitu duguna entzun eta zerbait egin beharra daukagu, zer edo zer lortu nahi badugu, behintzat. Zerbait gustatzen ez bazaigu, zer egingo dugu ba? Aldatzen saiatu, noski».