Zarauztarrak 'Euskara ala ezkara' zikloan

Zarauzko Hitza 2018ko urr. 8a, 16:53
Ezkerretik eskuinera, Paul Beitia, Peru Iparragirre, Edurne Azkarate eta Itziar Ugarte. (barren.eus)

Pasa den larunbatean Elgoibarren ospatutako 'Euskara ala ezkara' zikloan hizlari lanak egin zituzten Peru Iparragirre, Paul Beitia eta Gorka Arrese zarauztarrek.

Euskara eta euskal kultura aztergai, egun osoko egitaraua osatu zuten urriaren 6an Elgoibarren, Gotzon Garate euskal idazle eta filologoaren omenez antolatutako 'Euskara ala ezkara' zikloan.

Hiru zarauztar aritu ziren hiztun lanetan, hizkuntzalariaren oroimenezko ekitaldian. Goizean, Susa argitaletxeko editore izandako Gorka Arrese euskal sortzaileen prekarietateaz aritu zen. Duintasuna eskatu zuen kulturgileentzat eta kulturarentzat, agintariei Kulturaren Legea "behingoz" idazten hasteko eskatuz.

Arratsaldean, 'Gazteak, kultura eta euskalgintza' mahai-inguruan hartu zuten parte Peru Iparragirre eta Paul Beitia zarauztarrek. Haiekin izan zen Edurne Azkarate ere, eta Itziar Ugartek gidatu zituen. Batak eta besteak izandako ideiez aritu ziren, sortzaile gazteen begiradatik. Ezinak eta ilusioak aipatu zituzten, bietatik paretsu.