Ez dugu zer ospatu! Alde hemendik! lelopean, egitarau zabala antolatu dute Zarauzko Alde Hemendik! mugimenduak, Ernaik, ikasle mugimenduak eta Putzuzulo gaztetxeak urriaren 12rako.
«Amerikaren aurkikuntzaren», «Hispanitatearen» eta «espainiar arrazaren» eguna ospatzen dela salatu dute, eta ospakizunen helburuetako bat «hamaika herriren aurkako historia odoltsua zuritzea» dela.
Gaia Euskal Herrira ekarrita, lurraldeak pairatu izan dituen zapalkuntza ezberdinak ekarri dituzte gogora zabaldutako irakurketan: «bonbardaketak, tortura, gerra zikina, atxiloketak, zentsura, kartzela, epaiketak, isunak, kontrolak…»
Hori dela eta, «era guztietako eragile eta herritarrei» mobilizazioekin bat egiteko deia egin diete, nork bere ikurrekin eta aldarriekin.
Egitaraua
09:30. Herri eskolak Musika Plazan. Ongi etorria eta ezagutza jolasak.
10:30. Zergatik ez dugu ezer ospatzeko? Musika Plazan. Jarraian, hamaiketakoa.
11:00. Hitzaldia Musika Plazan.
13:00. Manifestazioa, Lege Zaharren Enparantzatik hasita: Indar polizialak eta militarrak Zarauztik ospa! lemapean.
17:30. Donostiako Gazte Bira!ra joateko deialdia.
Horrez gain, Putzuzulo gaztetxea txukuntzeko auzolanerako deialdia ere egin dute.