Urriaren 12aren harira, 'Ez dugu zer ospatu! Alde hemendik!' irakurketa

Zarauzko Hitza 2018ko urr. 10a, 12:33

Urriaren 12an, "Amerikaren aurkikuntzaren", "Hispanitatearen" eta "Espainiar Arrazaren" eguna ospatzen da espainiar estatuan. Horren harira, hona hemen Zarauzko Alde Hemendik mugimenduaren irakurketa osorik.

"URRIAK 12: EZ DUGU ZER OSPATU! ALDE HEMENDIK!

Espainiar inperialismoa ospatzeko eguna da urriaren 12a: “Amerikaren aurkikuntzaren”, “Hispanitatearen” eta “Espainiar Arrazaren” eguna. Mende luzetako lapurreta, zapalkuntza eta genozidioa ospatzeko eguna, hamaika herriren aurkako historia odoltsua zuritzekoa.

Euskal Herrian ere badakigu zer diren ejertzitoak, poliziak, salbuespen auzitegiak, prentsa manipulatzailea… Bonbardaketak, tortura, gerra zikina, atxiloketak, zentsura, kartzela, epaiketak, isunak, kontrolak… Zarautzen bertan, Guardia Zibilak etengabe gogorarazten digun historia beltza.

Historia hori jasaten jarraitzen dugunok ez dugu zer ospatu. Herriaren ondasunak bahitzen dizkigute (Arrano taberna ixteko mehatxupean da oraindik). Euskal preso politikoen aurkako mendekuarekin jarraitzen dute, eta haien aldeko lana zigortzen (47 lagun epaiketaren zain daude, 11-20 urte arteko eskaerekin; tartean abokatu zarauztar bat). Katalanen aurkako errepresioarekin, justizia patriarkalaren babesean bortxatzen, gerra inperialistak babesten jarraitzen dute. Euskaldun gazte eta langile konprometituen sorgin-ehizan, Altsasukoa bezalako basakeriekin … Eta, beti bezala, inpunitate osoarekin.

Sistema honetan, errepresio aparatuak ezinbesteko dira injustizia etengabe birproduzitzeko. Ez dago haiekin bizikidetza posiblerik. Ez dugu zer ospatu. Errepresio guztien aurka elkartu eta saretzea dagokigu, hemengo eta hango zapalduen oroimenez, estatu faxista honekin hausteko. Azkenaldian Altsasun, Oñatin eta Euskal Herriko hamaika txokotan egin bezala, Alde hemendik! aldarria zabaltzeko garaia dela uste dugu.

Urriaren 12an, manifestazioa egingo dugu, 13:00etan, udaletxe plazatik. Era guztietako eragile eta herritarrei parte hartzeko dei egiten dizuegu, nork bere aldarri edo ikurrekin, denok batera oihukatzeko:

Alde hemendik, utzi bakean!
Ni se os quiere, ni se os necesita!".

Erlazionatuak