Mendigainetik zure herria sutan ikusia bazara

Onintza Lete Arrieta 2018ko urr. 11a, 09:30
Zarautzen bizi da gaur egun Dominika Gorriti elgoibartarra. (Erlo telebista)

1937ko apirilaren 26an Gernika bonbardatu zutenean hantxe zen Dominika Gorriti Agirre, eta babeslekuan gelditu ordez mendira joan zelako kontatu dezake berak bizitakoa orain 81 urte.

Bizitoki asko izan ditu Dominika Gorriti Agirrek. Elgoibarko Urruzunoberri baserrian jaioa 1928an, Debara ezkondu zen, eta gaur egun Zarautzen bizi da alabarenean. Umetan Gernikan ere bizi izan zen denbora batez eta, zalantzarik gabe, ordukoak ditu oroitzapen lazgarrienak. Bere begiz ikusi zuen, izan ere, Gernika sutan 1937ko apirilaren 26an.

Patxadaz baina indartsu mintzo da Zarauzko bizilaguna. Atzo balitz bezala kontatzen du duela 81 urte gertatutakoa edo, behintzat, berak bizitakoa. «Galdetzen didan orori kontatzen diot pasa zena, halaxe gertatu baitzen, ez nabil ezer asmatzen». Dena den, orain jarri da aurreneko aldiz kamera eta grabagailu baten aurrean. «Ikaragarria izan zen hura; gorrotoa txarra da». Oraindik orain bere buruari galdetzen dio ea zergatik egin zuten hura. Alegia, zergatik bonbardatu zuten Gernika alemaniarrek eta zergatik hil zuten horrenbeste jende errugabe.

Bere testigantza azaltzerakoan, hasiera-hasierara doa. Izan ere, zer egiten zuen zortzi urteko ume elgoibartar batek Gernikan egun hartan? «Denbora bat neraman Gernikan bizitzen izeba-osaben etxean. Elgoibarko baserri batekoa naiz, eta kalea urrun geneukan. Nik ikastea nahi zuten, eta pentsatu zuten Gernika egokiagoa zela».

Eskola garaia zen, eta bizitza normala zeramaten herrian, 1936ko gerra hasita egon arren. Apirilaren 26aren aurreko egunetan, ordea, bitan ezkutatu behar izan zuten bonbardaketen edo erasoen kontrako babeslekuetan. Ondo gogoan ditu bi egun haiek Gorritik: «Aurrenekoan eskolan ginen, eta herriko kanpaiak eta sirenak joka hasi ziren. Sekulako hotzikara eman zuen horrek. Gertu zegoen babesleku batean ezkutatu ginen,  baina ez zen ezer gertatu». Bigarrenean, berriz, etxean zegoen, eta handik udaletxe azpiko sotora joan ziren, han baitzegoen babeslekua, beren etxetik nahikoa gertu. «Babeslekura sartzeko pasabidea oso estua zen: atea handia zen berez, baina hondarrez betetako zaku handiek estaltzen zuten ia osorik. Barru guztia, berriz, leporaino beteta zegoen. Denok elkarren kontra-kontra egon ginen». Orduan ere ez zen ezer gertatu.

Baina iritsi zen apirilaren 26 hura. Astelehena, azoka eguna Gernikan. 15:00etan hasi ziren kanpai eta sirena hotsak, arriskuaren berri ematen. Hortxe zuten udaletxea eta babeslekua, baina mendira jo zuten orduko hartan Gorritik eta bere izebak. Eta horrek salbatu zituen, seguruenez, heriotzatik. «Osaba betiko orduan etorri zen tailerretik etxera bazkaltzera. Hizketan aritu ginen aurreko egunetako alarmez eta abar, eta halako batean osabak esan zigun dena txikituko zutela eta mendira jotzeko. Gerora pentsatu izan dut ea nola ote zekien osabak hori gertatuko zela. Baina, noski, Durangokoa [bonbardaketa] lehenago izan zen, eta hortik aterako zituen kontuak».

Egoera larri horretan, «nolatan joan zen tailerrera gure osaba? Orain pentsatzen dut mugimenduren bat ikusiz gero tailerrean, hartu eta fusilatzeko edo kartzelaratzeko arriskua egongo zela, eta kontuz ibili beharra egongo zela», dio pentsakor.

Herria sutan ikustea

Osaba etxean zen 15:00ak iritsi zirenean. «Hasi ziren kanpaiak eta sirenak, eta osabak esan zion izebari: Mendira jo, Maria, mendira jo. Gogoan dut». Eta halaxe, udaletxe ondotik Foru alderako baserri bidera jo zuten, «bide zatar batetik». Xehetasun guztiak gogoan ditu: pasatako kaleak, eraikinen ezaugarriak, distantziak… «Petril handi bat pasatu genuen izebak eta biok ahal genuen moduan, eta sorora sartu ginen, eta izkinara joan ginen, fabrika bateko horma handi baten kontraraino. Erreten handi bat zeukan, eta hantxe ezkutatu ginen gu eta beste mordo bat. Ahal genuen guztiok hantxe sartu ginen». Erreteneko belar handien artean ezkutatuta, Gorritik hirunaka ikusi zituen hegazkin alemaniarrak gerturatzen, «zeru urdin-urdinean».

«Behe-behetik etortzen ziren eta sekulako distira egiten zuten». Beraiek geldi-geldi, dio Gorritik eskuak elkartuta, otoitzerako bezala, une haiek gogoratuz. «Larritasun horretan ez zara gogoratzen zer daramazun soinean, baina nik badakit beroki gorria neramala, norbaitek esan zuelako gorri hori, gorri hori! eta amona batek bere mantala askatu eta estali egin ninduelako».

Hegazkinak euren buru gainetik igaro ondoren «turrurrurrurru» entzuten zela azaldu du, « ez dakigu metrailladoreak ziren ala zer». Kontuak kontu, hegazkinak ezkutatu orduko ekiten zioten ihesari. «Guk azkar egiten genuen gora ahal genuen moduan, eta berriz etortzen zirenean, gu geldi», dio imintzioka. «Soroa handi samarra zen, eta soroaren gorenetik gorago joanda, arbolarte bat». Handik ikusi zuten bonbardaketa. «Garbi-garbi ikusi genuen nola txikitzen zuten udaletxea. San Juango eliza eta beste eraikin batzuk ere apurtu zituzten, eta azkenean dena sutan ikusi genuen».

Ahaztuko ez duen irudia

Kontakizuna entzuteak taupadak bizkortzen dizkio bati, akziozko film bat ikustean bezala; areago, egiazkoa dela jakinda. Gorritik ez du hunkituta hitz egiten, baina oroitzapenean pasarte batzuk beste batzuk baino iltzatuagoak ditu. Esaterako, menditik etxerako buelta. «Ilunabarrean erabaki genuen menditik jaistea, eta bidean denek gauza bera galdetzen zuten: gureak ikusi? negar hori entzuten zen. Batzuetan erantzuna baiezkoa izaten zen, eta beste batzuetan, isiltasuna». Gorritik eta haren izebak ere ez zuten osabaren berririk. Ez zekiten hilik ala bizirik zen.

«Iritsi ginen gure etxearen parera, eta halako batean azaldu zen osaba ere. Haiek elkarri emandako besarkada sekula ez dut ahaztuko. Bizi zara, Mariano! Horrelaxe esan zion izebak. Ez dut inoiz ahaztuko», errepikatzen du Gorritik.

Une hartatik aurrerakoak ere ondo gogoan ditu: nola sartu ziren etxean beldurrez, ez zekitelako zutik iraungo zuen ala ez, eta nola sartu zituzten etxeko gauza garrantzitsuenak kutxa batean; nola utzi zieten asto bat eta nola hasi zuten bidea Arteagarantz, izebaren familiko baserrirantz; eta zein bide egin zuten baserriraino iristeko.

Gau hartan begirik bildu al zuen galdetuta, ezetz dio Gorritik: «Ez begirik bildu eta ez negarrik egin, ez zen horretarako astirik».  

Aita ere, Gernikan

Mundua txikia delako, edo bizitzan kasualitateak egon ohi direlako, Gorritik gerora jakin zuen apirilaren 26 hartan Gernikan izanak zirela bere aita eta anaia zaharrena ere. Harrotasunez azaldu du zer egiten zuten haiek han egun hartan. «Eibar-eta bonbardatzeko, inguruko baserritarrak derrigortzen zituzten idiekin kanoiak garraiatzera gerra-tokira. Gure aitak ez zuen horretan parte hartu nahi, eta nahiago izan zuen idiak saldu  eta ihes egin». Eta halaxe egin zuen. Hamalau urteko semearekin batera oinez abiatu ziren Elgoibartik Bilbora, han idiak saltzeko. Dirua hartu eta etxera bueltatzea pentsatu zuten, baina Gipuzkoara sartzeko muga itxita aurkitu zuten, eta Arteagako baserrian gelditu ziren egun batzuz.

Apirilaren 26an, ordea, Gernikan izan zen aita azokan, «anaiari arropa erosteko edo, eta gutxigatik ez zuen bonbardaketak bertan harrapatu». Ondoren, bederatzi hilabetez desagertuta egon ziren bere aita, anaia eta osaba. Eta inoiz ez du jakin non izan ziren tarte horretan. «Zorionez, gure familian ez zen bajarik egon, baina entzuten zen halako etxeko andre azokatik etxera astoarekin zihoala hil zutela metrailaz, eta beste halako ere hil zutela. Halakoak entzuten ziren».

Hildakoak aipatzean, Gorritiri Gernikako udaletxea datorkio burura. «Gu udaletxe azpiko babeslekuan antxoak latan bezala egon baginen, ez dut pentsatu ere egin nahi zenbat jende hilko zen bonbardaketa egunean han».

«Tristea da, ez dadila berriro gertatu», eskatzen du Gorritik. Baina ez du itxaropen handirik. «81 urte pasatu eta orduan hala eta gaur honela? Nik uste dut gorrotoa dagoela. Gorrotoa da oso txarra». Ziur dago gerra eta gosea saihesteko modukoak direla,  baina bere ustez politikariek ez dute horretarako asmorik. Eta diskurtso politiko argia ere badu, eta hasi da hori ere kontatzen kamerari. Baita txikitan baserrian egin behar izaten zituzten lan gogorrak eta ibili beharreko kilometro guztiak ere.
Hitz egitea terapeutikoa bai baita, 81 urte geroago ere