Asier Mendizabal: «Aurkitu dudan materialak bide bat eduki dezan nahi dut»

Ane Olaizola 2018ko urr. 11a, 10:30
(Ane Olaizola)

Batzuek altxorrak bilatzen dituzte. Asier Mendizabalek, berriz, 36ko gerrako aztarnak ateratzen ditu lur azpitik. Kontzienteki egiten du, gainera: «Ez da bidezkoa gudariak ahaztuta uztea».

Ez da historialaria, baina bai historia zale sutsua. Gaztetxoa zela 36ko gerraren berri izan zuenetik, orduko gertaerak jakiteko harra du barruan sartuta Asier Mendizabal (Zarautz, 1965) Zestoako bizilagunak. Gerrari buruz gehiago dokumentatzeko asmoz, orduko aztarna ugari aurkitu du metal detektagailu baten bidez, eta topatutakoa hilaren 31ra bitartean jarriko du erakusgai Zestoako Portale kultur elkartean. Gaur zabalduko dute erakusketa, 19:00etan.

Nolatan hasi zinen bilaketak egiten?
15 urte nituela, eskola utzi eta lanean hasi nintzen. Aldi berean, Euskal Herriko historia ikasten hasi nintzen neure erara, gaia gustukoa bainuen. Gero eta gehiago barneratu nintzen historian, eta azkenerako pasio bihurtu zen. Duela sei urte, lanik gabe geratu nintzenean, erabaki nuen metal detektagailua erostea. 16 urte nituenetik, 36ko gerraren inguruko idatzi ugari irakurri dut. Urtero joaten naiz Durangoko azokara, gaiaren inguruko libururen bat eskuratzera. Mendizalea ere banaiz, eta mapa ugari daukat. Dokumentazio guzti horrekin, beraz, lan gehiena egina nuen: banekien fronteak non eta zenbat denboraz egon ziren... Orduan, gertaeren lekura joatea soilik falta zitzaidan, eta detektagailuarekin, probatzen hasi nintzen.


Zer topatu duzu orain arte?
Materialei dagokienez, tenedoreak, koilarak, kantinplorak, platerak, botoiak, gerrikoen belarriak, txanponak, intsigniak, armak... Detektagailuak metala bilatzen du, baina ikusi arte ez dakizu zerekin egingo duzun topo. Izan ere, gudariak lurperatu zituztenean, haiek urrezko haginak eduki zitzaketen, edo soinean eraman zitzaketen txanponak, eraztunak edo intsigniak. Gailuak materiala detektatzen du, baina lurrean zuloa egiten hasten zarenean, gorpuzkiak ere topatu ditzakezu.


Aurkitutakoak zer bide hartzen du gero­?
Gorpuzkiak topatzen ditugunean, orduan amaitzen da gure lana; hori dio protokoloak. Aranzadi zientzia elkartera deitu behar dugu, eta hark jarraitzen du bidea. Materiala aurkitzen dudanean, berriz, garbitu eta sailkatu egiten dut, beti ere objektuak arriskutsuak ez badira. Gordeta dut material hori, norbaitek egunen batean behar duenerako. Esaterako, talde bat gerraren inguruan dokumentatzen ari bada, daukadan materiala interesatzen al zaien galdetzen diet. Ez dut materiala salduko, behar dutenei emango diet.
Tamalez, Memoria Historikoaren Legea itxurakeria hutsa da; ez dago protokolo argirik, eta erakundeek ez dute inongo interesik gerraren kontakizuna egiteko. Gudariak hil eta zauritu zituzten, eta esklabu bezala aritu ziren gero asko lanean. Ez dugu horren informaziorik, ordea, ­eta gertatutakoa berriz errepikatzeko arriskua dakar horrek.


Uste baino gauza gehiago al dago lur azpian gordeta?
Bai, gorpuzkiak, batez ere. Baina askotan zaila izaten da gorputzak identifikatzea. Senide askok atzerrira ihes egin zuten garai hartan, eta gudariak identifikatu ahal izateko haiekin egotea beharrezkoa da. Atzerrian dauden senide askok, ordea, ez dakite ezer beren aitonei buruz. Kontu arrotza egiten zaie, garai hartan, gaiaz hitz egiteko izugarrizko beldurra egon zelako.


Zer da topatu duzun gauzarik harrigarriena?
Lehen Mundu Gerrako AEBetako botoi bat aurkitzeak asko harritu ninduen. ‘Zer egiten du hango botoi batek Bizkaiko Bizkargi mendian?’, galdetzen nion neure buruari. Askotan, material bat topatzeak erantzun batzuk ematen ditu, baina beste hamaika galdera sorrarazten dizkizu. Beti ari zara erantzun berrien bila.


Detektagailuaz gain, zer behar da halako bilaketak egiteko?
Ondo dokumentatua egotea. Euskal Herrian, mendi tontorretan izan ziren borrokaldiak, baina jakin behar duzu etsaia nondik zetorren, horren arabera kokatuko zituztelako lubakiak. Askotan, sasi artean ibiltzen gara bilatzen, eta jardutea besterik ez dago, gauzak topatzeko.

Gaur zabalduko duzun erakusketak helburu jakin bat al du?
Aurkitutako materialak bide bat eduki dezan nahi dut. Erakusketa zabaltzeko ilusioa daukat; frankistek Bilbo hartu zuten arteko prozesua kontatuko dut, mendi bakoitzean topatu dudan materialaren bidez, eta beste objektu batzuk erakusketan jarriko ditut. Aurrekoan, Bermeoko 94 urteko batek esan zidan gerra garaian gorputz ugari lurperatu zituztela baserri aurrean. Haren egunerokoa zen ezkutuan bizitzea. Erakusketaren bidez, herritarrek ikusiko dute beraien aiton-amonak nola bizi izan ziren.