Eneritz Aulestia eta Ander Malbadi: «Trikitiari bere lekua ematen dio»

I. Terradillos - E. Maiz (Ataria) 2018ko urr. 12a, 10:00
Ander Malbadi eta Eneritz Aulestia. (I. Luque)

Etenaldi baten ostean, larunbatean 12:00etan hasiko du denboraldi berria 'Hauspo Artean' trikiti saioak, Ataria Irratian; hamabostean behin izango da eta Ander Malbadirekin batera Eneritz Aulestia zarauztarrak egingo ditu gidari lanak. Hona hemen Ataria-k bi trikitilariei egindako elkarrizketa.

Pasa den urteko geldialdiaren ostean indarberrituta dator Ataria Irratira 'Hauspo Artean' trikiti saioa. Ander Malbadi albizturtarrarekin batera, saioko gidari lanak egingo ditu Eneritz Aulestia zarauztarrak.

Trikitiarekin lotutako bi pertsona zarete. Nondik datorkizue harreman edo lotura hori?
Eneritz Aulestia.
Txikitatik dudala lotura esan dezaket nik. Zarauztarra naiz ni, eta nire aitona betidanik izan da erraldoien eta buruhandien arduraduna. Txikitatik ikusi dut trikiti eta panderoarekin kalejiran, eta beti joaten nintzen pandero txikia eskuan hartuta jotzen. Hor hasi nintzen eta hortik egin nuen salto oholtza gainera. Ez dut lotsarik izan inoiz. Solfeoa ikasten hasi nintzen, eta argi neukan trikitia ikasi nahi nuela. Ikasten ari nintzela aukera eman zidaten txapelketetan panderoa jotzen hasteko eta hor egin dut ibilbide bat. Geroz eta lotura estuago sortzen joan da, eta gaur egun bada nire bizitzako zati garrantzitsu bat.  

Ander Malbadi. Nik ere umetatik dut harremana. Nire aita trikiti irakaslea da, eta Tolosan jaio nintzen etxean bertan erakusten zuen trikitia. Ume-umetatik entzun ditut trikiti doinuak. Berak esaten du guk aukeratu genuela, baina nik ez dakit... erdi diktadura bat izan zen edo ez. Baina kontua da ume-umetatik hasi ginela ikasten eta bizitzan beti presente egon da trikitia.  

Zure kasuan, Malbadi, aurreko denboraldian 'Hauspo Artean' saioko gidari izan zinen. Nola hartu zenuen erronka hori?
Gustura. Aurretik ibilia nintzen Telleria anaiekin irratian Gaztea-n kolaborazio batzuk egiten, eta hori bukatu zenean segidan etorri zen aukera hau. Alde batetik irratiarekin lotura bat zelako, eta bestetik trikitiarekin lotuta zelako, biak lotzeak pertsonalki gustu handia eman zidan. Eta asko balio izan zidan trikitiaren inguruan gehiago ezagutzeko, agian lehen oso azaletik ezagutzen nituen gaiak-eta. Pertsonalki oso erabilgarria egin zitzaidan.  

Orain berriz biren artean egingo duzue saioa. Zuk nola hartu duzu Eneritz Aulestia erronka berri hau?
Gogoarekin. Eta nik uste dut beharrezkoa dela trikitiari buruzko horrelako saio bat egotea. Beti ohituta gaude musika komertziala dela eta irratietan trikiti oso gutxi entzuten. Gazte askoren artean ere esango dut trikitia gauza zaharkitu bat dela, edo gauza tradizionalarekin lotzen dela uste dut. Orain zorionez baditugu taldeak irrati komertzialetan ere entzuten direnak, baina uste dut atzera begirada hori egitea ere garrantzitsua dela eta badagoela jendea trikitia entzun nahi duena, eta horrelako historiak entzun nahi dituena, beraz, guztiz beharrezkoa da.

Trikiti klasiko zaleak gehiago zarete edo uztarketa zaleak?
E. A.
Nik denetik entzuten dut, eta trikiti munduan dena dela libre uste dut. Dena gera daiteke ongi, bai trikiti eta panderoa soilik, baita trikitia musika elektronikoarekin nahastuta ere, edota gitarra edo biolin batekin. Musika batek funtzionatzen du benetan barrutik ateratzen denean, egiten denean benetan nahi dena eta gustatzen dena. Nire kasuan, Laja eta Landakanda, Esne Beltza, Gozategi, Koban... denetarik entzun dezaket. Hori da polita azkenean, trikititik gauza ezberdin pila bat ateratzen direla.

Hona hemen elkarrizketa osorik.