Iñaki Etxaide: "Herritarrei laguntzen diegu beraiek nahi dutena 3Dn inprimitzen"

Onintza Lete Arrieta 2018ko urr. 14a, 13:49
Iñaki Etxaide zarauztarra (Onintza Lete Arrieta)

Larunbatean Open Lab tailerraren zatitxo bat Getariara eraman zuen Iñaki Etxaide zarauztarrak, herritarrei erakusteko han egiten duten lana. Itsasotik Herrira egitasmoan hartu zuen parte, 3D inprimagailuan egin baitzituzten umeentzako itsasontzi txikiak. Gero, umeek jarri zieten bela, eta uretaratu egin zituzten.

 

OpenLab herritar ororentzat zabalik dagoen zerbitzua da, robotika eta elektronika herritarrengana hurbiltzeko. Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan du tailerra, eta hantxe aritzen da lanean Iñaki Etxaide zarauztarra egunero. Itsasotik Herrira egitasmorako itsasontzi txikiak egin dituzte 3D inprimagailuarekin.

Open Lab zerbitzuaren berri ez duenari, nola azalduko zenioke zer den?

Urola Kostako Udal Elkartean dagoen tailer txiki bat da, eta edozein pertsonarentzako zerbitzua eskaintzen du. Robotika eta elektronikaren munduari beldurra galtzea da helburua. 3Dko bi makina ditugu, baita laser grabagailu bat ere, eta edonork erabil ditzakete teknologia berri horiek.

Getariara itsasontzi txikiak ekarri dituzue, zeuek egindakoak.

Bai, plastikozko itsasontziak 3D inprimagailua erabilita egin ditugu. Azken bi asteetan aritu gara itsasontziak egin eta egin, eta pentsatu genuen polita izango litzatekeela makina bera ere ekarri eta jendeak ikustea nola inprimatzen dituen. Teknologia berri hau oraindik ez da asko ezagutzen, baina jakitunek esaten dute hau dela etorkizuna: materiala gastatzen joan beharrean, aditiboa deiturikoa izatea; hau da, behar dena bakarrik gehitzea.

Zenbat denbora behar du inprimagailuak itsasontzi txiki bakoitza egiteko?

Bi ordu eta laurden inguru. Ez da teknologia azkarra, beste teknologia batzuekin azkarrago egingo genukeen barkutxoa, baina hau oso teknologia zehatza da. Eta hasierako fasean gaude. Baina esaten dute hemendik 20 edo 30 urte barru guztia 3Dko makinekin egingo dela.

Zer behar da zerbait 3Dn inprimitzeko, eta zein da prozesua?

Itsasontzi txiki hau egiteko aurrena ordenagailuan itsasontziaren 3Dko modeloa sartuko dugu; ondoren, STL formatuan gorde eta Cura izeneko programa batetik pasatzen dugu; programa horri esaten diogu zein inprimagailu dugun, eta berak gailu horrentzako mugimenduak sortzen ditu; azkenik, PLA izeneko materiala erabiltzen dugu, berotu eta likido bihurtuta. Mugimendu zehatzen bidez, puntatxo batek materiala gehitu egiten du figura osatu arte. Punta hori 210-215 graduko tenperaturan egoten da. 

Alanbre fin baten itxura du PLA material horrek. Zer da, zehazki?

Artotik ateratzen da, eta plastiko biodegradablea da, edo hori esaten dute, behintzat. 

Herritarrek teknologia hau erabil dezakete Open Lab-en tailerrean. Zerbitzuak zer ordutegi du?

Asteartetik ostiralera egoten gara 09:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:30era. Larunbat goizetan, berriz, 10:00etatik 13:00etara.

Erabiltzaileek zer eskatu dizuete orain arte?

Asko etorri dira 3Dko makinak erabiliz gauza jakin batzuk egitera; beste batzuek badute etxean makina bat, baina gureak kalitate hobea duelako etorri dira.

Zarauzko musika talde batekoek, adibidez, giltzatakoak egin nahi zituen eta guregana jo zuten. Haietako bat moldatzen zen 3Dn, eta diseinua eginda eman ziguten. Giltzatako asko behar zituztenez, materiala eurek ekarri zuten, eta tailerrean egin dituzte; 400 giltzatako eramango zituzten honezkero.

Material hori nondik ekartzen duzue?

Guk Gasteizko enpresa batetik erosten dugu, FFF World-etik. Internetez egiten dugu eskaera, eta kiloa 21 euro inguru ordaintzen dugu. Beste nonbaiten merkexeago egongo dira agian, baina badakigu enpresa horrek material ona ekoizten duela.

Getariara beso mekaniko bat ere ekarri duzue.

Bai. Besoa moztuta dutenentzat balio du, hori jantzita gauzei heldu ahal dietelako. Zumaiar batek egin du, baina kalitatea nahi zuen puntu batzuetan, eta pieza batzuk guk egin genizkion. Jendeari erakutsi nahi diogu hau egin daitekeela OpenLab-eko tailerran, udal elkartean. Horregatik ekarri dugu Getariara.

Auto txiki bat ere ekarri duzue.

Bai, txokatzen ez den auto bat da, bi sentsore dituelako aurrekaldean. Oztopo bat aurkitzen duenean, gelditu eta buelta hartzen du. Lagun batek egina da hori, baina udal elkartean ere badaukagu bat eginda.

Roomba xurgagailuaren sistema bera dirudi.

Printzipio berak ditu, baina hori bai, xurgagailurik gabe.