OREKA PROPIO BAT.
Bi belarrirekin entzun behar izan ditut azken urteotan Eraso!-k argitara eman dituen lanak. Batak jarraitzaile fidel baten arima sutsuarekin erne, eta besteak kazetaritzaren ikuspegi sakonago batekin. Disko berria grabatu zutela eta aurkezpen oharra idazteko nigan pentsatu zutela esan zidatenean ilusio urduri batek zirrarazi zidan azala. Ohore bat izateaz aparte, phar hau idaztea ardura handia ere bazela konturatu nintzen, nire hitzek lan berriak transmititzen duena ongi islatuko ote zuten kezkarekin. Hari baten gainean ibiltzea bailitzan, bi belarriekin entzunaldi orekatu bat egin beharko nuela pentsatu nuen.
Diskoaren lehen entzunalditik ohartu nintzen lortu zutela. 'Inoren lurretan' iraupen laburreko disko berriarekin, benetan iritsi nahi zuten tokira iritsi direla esango nuke.
26 minutu irauten duen errusiar mendi baterako bidaia bat da 'Inoren lurretan' zeinean abiadura bizkorrek, denbora-tarte geldo bezain astunek, melodia sarkorrek nahiz oihu amorratuek bihotza taupaka uzten dizuten. Intentsitate handiko bidaia sonoro bat, behin eta berriro entzuteko sentipenarekin uzten zaituena. 'Algoritmo bat', 'Azalarazten' eta 'Dena errepikatuz doa' abestiak betiko eta egungo Eraso!-ren uztartze zailduak dira, xehetasun txikiena ere muturreraino zainduz. Hastapenak ere ez dituzte ahazten, 90 hamarkadako trash metalaren kutsua duen 'Zinismoaren garaipena' abestiarekin, eta kontrapuntu bezala, diskoko abestirik sentikorrena: 'Hodei beltzak'. Kokein taldeko abeslari Zaloa Urainekin elkarlanean, harribitxi modura datorren pop-rock giroko balada atsegina. Eta guztia biribiltzeko, diskoari izena ematen dion 8 minutuko abesti progresiboa, aurreko abesti guztietako erritmoetatik zerbait duena, emozioen tobogan gorabeheratsuari amaiera emanez.
"Inoren lurretan" / "gure lurretan" oihukatzen dute, gainera. Hori delako taldearen esentzia eta filosofia: aurreiritzi guztien gainetik, muga sonoro guztiak gainditzeko joera izan dute, gustuko duten horretatik edanez, baina inorekin betirako ezkondu gabe. Hari gainean ibiltzeko erronkari heldu zioten, horretan sinistu zuten, eta oreka propio bat sortu dute, nahiz eta bidea ez den erraza izan. Baina, gaur da eguna, 25. urteurrenaren atarian, aspaldiko Eraso!-rik bizienarekin topatu naizena, eta horrek beraien zuzeneko emanaldi batekin gozatzeko irrikaz utzi nau.
Aritz Mutiozabal