'Otto Pette' liburuaren 25. urteurrenean, gogoeta saioa

Anjel Lertxundi idazlea. (Aritz Mutiozabal)

Anjel Lertxundiren liburuak "euskal literaturari ekarri zionaz, bai -eta nagusiki- gaurko eta biharko irakurleari dakarkionaz eta ekarriko dionaz" hausnartzeko saioa antolatu dute Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean, urriaren 25erako. Gonbidatu ezagunak izango dira bertan, eta zuzenean emango dute Berria-ren webgunean.

1994ean argitaratu zuten Anjel Lertxundiren Otto Pette liburua. Editoreek "biharko klasiko bat" izango zela iragarri zuten, eta baita asmatu ere. Liburuaren 25. urteurrenaren harira, "euskal literaturari ekarri zionaz, bai -eta nagusiki- gaurko eta biharko irakurleari dakarkionaz eta ekarriko dionaz" hausnartzeko saioa antolatu dute, urriaren 25erako. Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean izango da, 19:30ean.

Martin Ugalde Foroaren eta Alberdania argitaletxearen eskutik, aurpegi ezagun ugari izango dira solasaldi irekian; Anjel Lertxundi idazlea, Miren Azkarate EHUko irakaslea eta Euskaltzaindiako kidea, Itxaro Borda idazlea eta Beñat Sarasola idazlea eta literatura kritikaria. Joxerra Garziak gidatuko du mahai-ingurua.

Antolatzaileek adierazi dutenez, "euskara batua 50 urte betetzen ari den den honetan", interesgarria da klasikoa bihurtu den Otto Pette lanak egindako ekarpenari buruzko gogoeta egitea. "Horixe baita, azkenean, liburu bat klasiko bihurtzen duena: iraunkortasun emankorra; agortzen ez den literatur gozamen beti berri baten iturri izatea".

Solasaldia zuzenan emango dute Berriaren webgunean.