Inaxio Uria 'Isasti'ren bertsoak euskarari eta Nafarroa Oinezi buruz

Zarauzko Hitza 2018ko urr. 16a, 13:13
Igandean izango da Nafarroa Oinez jaialdia, Altsasun, eta muntaketa lanekin hasi dira jada. (@Nafarroa_Oinez)

Hemen dituzue irakurgai Inaxio Isastik euskararen eta Nafarroa Oinezen inguruan egindako bertsoak.

Doinua: "Haizea dator", Xabier Lete

-1-
Senitarteko zazpi anaitik
adinez naiz zaharrena
Orain bakarrik bizi naiz eta
harremana dut etena
Hiru txikiak frantses artean
nahasturik daude, ze pena!!!
Beste hirurak baturik daude
elkarlana da zuzena
Sorreratikan euskara izanik
hitz egiten genduena
nik bereziki ia galdu dut
ohiko hizkuntza zena
Ahaztu baino lehen esan behar dut
Nafarroa dut izena (bis)

-2-
Politikari batzuk nabarmen
euskararen etsai dira
Gune batzutan mantentzen denez
dena ez da galdu, tira!!!
Berreuskalduntze lanen ardura
herri bakoitzan neurrira
Ikastoletan oinarritzen da
hala eskainiz herrira
Diru-laguntzak murritz izanik
ta eman nahirik segida
herritarraren borondatea
nabarmenki ageri da
Ezinezkoa izango baitzen
anaiak hor ez balira (bis)

-3-
Herri sorreran ardatza beti
izaten denez hizkuntza
hau indartzea zalantzik gabe
da oinarria ta funtsa
Bide horretan Nafarroa Oinez
da gure antolakuntza
Zuen aldetik espero dugu
beharrezko den laguntza
Horretarako inguratuaz
egun horretan honuntza
Guk asmo hoiek jorratu eta
zuek bitartean bultza
Ea guztion arteko lanak
arnasten duen sos kutxa (bis)