Erakundeen arteko koordinazioaren arrakasta itzela bailitzan, Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak "Konifero basoak berreskuratzeko euskal estrategia" saldu berri digute, jakingo ez bagenu bezala Euskal Herran ditugun konifero-baso bakarrak Araba mendebaldeko pinu-gorrien pinudiak eta Dueñasko pinudi txikia direla, Aleppo espeziekoa azken hori.
Nahastea agudo argitzen da, plana bera euskal erakundeek sektorearen ordezkariekin batera osatzen duten aholkulari taldeak egindako lanaren emaitza dela azaltzen digutenean. Bistan denez, Euskadin zuhaitz-landaketek estaltzen duten lurraldearen laurdena baino gehiagori inposatu nahi dien etorkizunean interesaturik egon litekeen beste sektorerik ez dute ezagutzen. Eta gero bota, bai, gardentasuna eta gizarte-partaidetza moduko hitz potoloak, aho bete.
Landaketa horiek biodibertsitatearen onura dakartela adieraztearen pareko faltsukeria edo sektore honek bere baitan 20.000 lanpostu dituela ala Euskal BPGaren %1,5 hartzen duela lotsa barik esatea. Batez ere, azken 10 urteetan aldutako egurraren urteko batez besteko balioa 40 milioi eurora ere iristen ez denean, Euskal Autonomia Erkidegoko estatistikek diotenez. Estatistika horiek bihurritzearren zerrategiak, papertegiak, altzairu fabrikak edo beste lantegi batzuk sektorean sartzea iruzur egitea da. Kanpoko erkidegoetatik Hernaniko paper-fabrikara egurra ekartzea egunero etortzen diren kamioi-ilara luzeak inork ikusiko ez balitu bezala.
Baina oraingo honetan, gaixotutako pinu-sailak oxido kuprosoarekin fumigatzeko baimen bereziak tramitatzen ari direla jakin izanak kezkatzen gaitu batez ere gure herriak benetan inporta digunok. Sustantziaren berezko arriskuaz gain, abiadura horiekin airez zabaltzen den produktua nora joango den ezin denez kontrolatu, Europako Batasunean aitetiko tratamendu fitosanitarioak debekatuta daude, oso kasu berezietan izan ezik. Gainera, oxido kuprosoa arnastuz gero toxikoa da eta azalarentzat eta bronkioentzat narritagarria ukituz gero. Hori gutxi ez, eta uretako faunarentzat arrats toxikoa izateagatik, administrazioak berak tratamendu hauetan ibai eta erreken inguruan 50 m-ko segurtasun zerrenda errespetatzea exijitzen du.
Azalduko al digute gure ordezkariek nola pentsatu duten ziurtatzea gure ibaiak edo edaten dugun ura ez direla pozoituko gure mendietako 124.000 hektarea fumigatzen badira? Aire hori arnastean edo substantziak ukitu bagintu pozoitu ez gaitezen, fumigatzen diren lekuetan egotea edo inguru horietan ibiltzea debekatu egingo al digute? Gure mendien etorkizunari buruzko eztabaidaz gain, gizartea halako arriskuan jarrarazteak merezi ote duen benetan pentsatu behar al dute behingoz?