zarauzkohitza.eus

Igoera fasea jokatzea du helburu Babyauto Zarautzek sasoi berrian

Onintza Lete Arrieta 2018-10-18 08:30   Kirola

Lautik bi partida irabazi dituzte eta beste bi galdu, eta asteburu honetan Galizia aldean irabaztera aterako dira. Gogotsu ekin dio lanari Xabier Castaño entrenatzaile berriak.

Igoera fasea jokatzea du helburu Babyauto Zarautzek sasoi berrian
Zarautz Rugby Taldearen aurtengo argazki ofiziala. (Zarautz Rugby Taldea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Babyauto Zarautzek hasi du 2018-2019 denboraldia, aurten ere Ohorezko B mailan. Lau partida jokatuta, zazpigarren postuan da, bina partida irabazita eta beste bina galduta. Xabier Castañok hartu dio lekukoa entrenatzaile gisara Phil Huxfordi, eta argi du errugbiko lehen taldearen helburua zein den: igoera fasea jokatzea. «Helburua ez da igotzea, baizik hor goian egotea eta fasea jokatzea, esperientzia hartzeko eta benetan igotzeko ordua iristen denean, prest egoteko eta esperientzia hori edukitzeko».

Galizian dute hurrengo hitzordua, Vigon, eta partida hori irabaztera joango dira. «Garrantzitsua da guretzat, Uribealdearen kontra ezustean galdu genuelako etxean, eta hau irabazi beharra dugu hura konpentsatzeko». Urriaren 28an berriro Astin jokatuko dute, Ourenseren kontra, eta ondoren, azaroaren 3an, derbia dute Donostian, Bera-beraren kontra. «Ez nuke jakingo esaten zein talde dagoen indartsuago, derbietan emozioek asko eragiten dutelako», iritzi dio Castañok. Entrenatzaile lehen urtea izan arren, bizitza erdia darama errugbian jokatzen, eta Gipuzkoako Errugbi Federazioko zuzendari teknikoa ere bada.

Hiru fitxaje nagusi

Aurreneko taldea sendotzeko hiru argentinar etorri dira taldera, eta horiek dira aurtengo fitxaje nagusiak: Agustin Cittadini (apertura), Sebastian Sedran (erdilaria) eta Facundo Paz (9 edo 15 postuetan). Irail hasieran etorri ziren, «abuztuan zaila delako etxea aurkitzea Zarautzen», eta horregatik aurreneko partidetan nabaritu zen konpenetrazio falta. Dena den, «jokalari interesgarriak dira, jada ari dira taldean euren apurra jartzen, eta pentsatzen dugu oraindik gehiago aportatuko dutela».

Hainbat baja izan dute, baina kanpotik ez dute jokalari asko fitxatu nahi, harrobia lantzen ari direlako. «Talde guztiak ari dira indartzen kanpoko jendearekin. Guk hiru fitxaje ditugu, eta gutxien ekarri dituztenak izango gara. Esaterako, Ourensek hamabi edo hamahiru ditu eta Santanderreko Bathco-k hamabost baino gehiago». Castañorentzat bi aukera daude: «Esponsor garrantzitsu bat etorri eta fitxajez betetako talde bat osatzea, Zarautz izena izango duena baina Zarauzko jokalaririk gabe, edo harrobia lantzea eta fitxaje puntualekin osatzea taldea. Azken hau da klubaren politika». Aurten goiko bi taldeentzat 50 jokalari inguru dituzte, horietatik 25-30 lehen talderako.

Laster Errugbi Gunea prest

Azken urte eta erdian hobekuntza nabariak izan dituzte Astiko instalazioetan. Iazko denboraldi erdialdera sabaia jarri zioten harmailei, eta hori garrantzitsua da afizioarentzat. Gainera, kopuruz hazten ari dira jarraitzaileak. «Ia bete egiten dira harmailak hemen aritzen garenean». Gimnasioa ere berritu eta handitu egin dute, eta oso gustura daude instalazio berriekin.

Bestalde, laster Errugbi Gunea edo club house-a ere prest izango dute. Hala, Hirugarren denbora deiturikoa bertan egingo dute. «Partidak hiru zati izaten ditu, bi zelaian izaten dira, eta hirugarrenean, etxeko taldeak bestea gonbidatzen du jatera; otarteko bat edo dena delakoa. Bi taldeak eta epaileak elkartzen dira», azaldu du Castañok. Orain arte Astiko kantina erabiltzen zuten horretarako, baina jada sinatu dute akordioa Zarauzko Udalarekin, eta klubak espero du abendurako edo urtarrilerako zabaltzea espazio berria. Aldagelen eta gimnasioaren eraikin berean dago. Barra eta mahaiak badituzte, orain sukaldea jarri behar da.

Zelaiari dagokionez, azkenik,  nahikoa ondo dagoela irizten dio Castañok, baina kategoria guztientzat gune bakarra dagoenez, «asko sufritzen du, eta neguan dezentez okerrago egoten da. Negua lehorra egokitzen bada hobeto irauten du, baina euri asko egiten badu, ez». Ez da kexu, hala ere; «dagoenarekin moldatu behar da eta, gainera, barruko instalazioak oso ondo jarri dizkigute».

Errugbi eskola hasi da fruituak ematen

Duela hamar urte iritsi zen Zarautzera Xabier Castaño (Baiona, 1978). Hainbat taldetan profesional aritu ondoren, Zarautzen eskaini zioten jokatzea eta kluberako lan egitea. «Nik Kirol Hezkuntza ikasi nuen Frantzian, eta niretzat oso egokia zen zarauztarren eskaintza». Bertan gelditu da.

Orain bost urte arte jokalaria izan da, baina horrez gain, bere ardura da errugbi eskola, Facundorekin [Orive] batera. Harrobiari garrantzia ematen diotenez, oso serio hartzen du arlo hori. Horregatik, urtero Zarauzko eskoletara joaten dira bi arduradunak haurrekin hitz egitera, eta eskola kirolaren barruan antolatzen dituzten bizpahiru jardunaldietan ere buru-belarri ibiltzen dira «maila guztietako jokalariak». Klubaren asmoa da urtero taldetxo bat igotzea seniorretara. «Orain bost urte ez zen inor igotzen, edo oso gutxi, ez zeudelako, baina hori aldatzen ari da». Izan ere, «aurten aurreneko aldiz, harrobian formatutako jokalari batzuk igo dira seniorretara. Datorren urtean, berriz, igoera garrantzitsu bat izango dugu, 2001ean jaiotako hogei jokalari ditugulako». Gainera, jokalari interesgarriak daudela azpimarratu du, «Espainiako Selekzioarekin jokatzen ari direlako batzuk, eta haren kontzentrazioetan parte hartzen beste batzuk».
Etxeko jokalari gazteengan konfiantza osoa du Castañok: «16 urtez azpikoek partida guztiak irabazi dituzte, punta-puntan dabiltza euren kategorian eta horrek konfiantza handia ematen digu, ulertzen dugulako orain onak badira, urte gutxi barru lehen taldean aritzean ere nabarmendu egingo direla»

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa