Bikote Mistoen Lasterketarako izen-ematea ireki dute

Urola Kostako Hitza 2018ko urr. 18a, 13:42
Iazko Bikote Mistoen Lasterketa. (Amaia Ventas Aldabaldetreku)

Korrikalariek abenduaren 2an izango dute proba, 11:30ean hasita, eta 7'5 kilometro egin beharko dituzte kiroldegitik hasi eta Musika Plazara bitartean osatuko duten ibilbidean.

Aurreko urteetako ohiurari jarraituz, kros mistoak egingo dituzte han eta hemen, datozen hilabeteetan; Azpeitian, azaroaren 3an jokatuko dute lasterketa herrikoia, eta Zarautzen eta Errezilen ere zehaztu dituzte hitzorduak.

Errezilgo Udalak, Kirol Mahaiak eta Festa Batzordeak antolatuta, Errezilgo Kros Misto herrikoia jokatuko dute azaroaren 18an, eta korrikalariek dagoeneko eman dezakete probarako izena, herrikrosa.eus atarian. 11:30ean hasiko da lasterketa goiko plazatik, eta helmuga ere han izango dute parte hartzaileek. Errezilen zehar 5,5 kilometroko ibilbidea osatuko dute parte hartzaileek, eta irabazleek garaikurra eta herriko ekoizleen produktuekin osatutako otarreak jasoko dituzte.

14 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahal izango dute lasterketan, eta 18 urtetik beherakoek gurasoen baimena beharko dute. Aurrez izena eman nahi dutenek, azaroaren 16ra bitartean izango dute horretarako aukera, eta 20 euro ordaindu beharko dute. Egunean bertan ere izango da izena emateko aukera, 25 euroren trukean. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, lasterketa hasi baino ordu erdi lehenago itxiko dute izen-ematea.

Errezilen ez ezik, Zarautzen ere jokatuko dute Kros Mistoa, Zarautz kirol elkarteak antolatuta. Korrikalariek abenduaren 2an izango dute proba, 11:30ean hasita, eta 7,5 kilometro egin beharko dituzte kiroldegitik hasi eta Musika Plazara bitartean osatuko duten ibilbidean. 16 urtetik gorako herritarrek parte har dezakete proban, eta bikoteek herrikrosa.eus webgunean eman beharko dute izena, 25 eurotan. Azaroaren 30era bitartean itxiko dute izen-ematea, eta epez kanpo inskribatzen direnek 30 euro ordaindu beharko dute. Dortsalak, berriz, bi egunetan banatuko dituzte antolatzaileek: abenduaren 1ean, 18:30etik 19:30era bitartean, eta lasterketaren egunean, 08:30etik 11:00etara bitartean, Aritzbatalde kiroldegian.

Urola Kostako txapelketarik ez aurten

Eskualdean, Azpeitian, Errezilen eta Zarautzen jokatuko dituzte kros mistoak datozen hilabeteetan, baina aurten ez da egingo Urola Kostako Kros Mistoen Txapelketarik. Beraz, eskualdeko kros mistoak ez dira izango elkarren artean puntuagarriak. Orain arte, proba horiek eta Ezkioko lasterketak osatzen zuten Kros Mistoen Txapelketa, eta lau probak ziren puntuagarriak.