Hainbat egitasmo jarriko dituzte abian Toka gizon taldeak eta udalak elkarlanean

Amaia Urbieta Arruti 2018ko urr. 19a, 12:23
Toka gizon taldeko kideak eta Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotzia. (Amaia Urbieta Arruti)

Duela hamar urte udalak sustatutako tailer batean parte hartu zuten gizonek sortu zuten Toka gizon taldea. Hainbat urtetako lanketaren ostean, egitasmo ezberdinak jarriko dituzte martxan udalarekin elkarlanean.

Gizonak berdintasunaren aldeko lanean inplikatzea zen legealdi honetarako udalak finkatutako helburuetako bat. Helburu "zaila" dela azaldu du Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak, eta horregatik hasi dute elkarlana Toka gizon taldearekin.

Hainbat ekitaldi martxan jarriko dituzte elkarlanean, Berdintasun Kontseiluarekin batera, "gizonen sentsibilizazioari bultzada bat emateko asmoz". Iaz, azaroaren 25ean sinatutako gizonen manifestua ekarri du gogora Vazquezek. "Gu ere bai manifestua sortu zuen gizon talde batek, eta berdintasunaren aldeko lanean gizonen rola nondik nora joan behar den landu zuten".

Azaroaren 10ean ikastaro bat egingo dute, Tokak gidatuta. Herriko elkarteetan, aisialdian zein kirolean aritzen diren gizonezko hezitzaileei egongo da zuzenduta lau orduko ikastaroa. Gogoeta egitea izango du ikastaroak helburu, hezitzaileek beren lanean mutilekin dituzten harremanez eta eskaintzen diren ereduez.

Zineforum bat ere egingo dute, Modelo aretoa prest dagoenean, berdintasunaren aldeko lanean gizonen parte hartzea sustatzeko eta hausnarketa egiteko. "Berriro kaleratu nahi dugu gizon talde honek egin zuen hausnarketa, eta atxikimenduak bilatu nahi ditugu", azaldu du Vazquezek.

Horrez gain, gizonezkoentzako lantegi bat martxan jartzeko asmoa daukate, urtarriletik aurrera. Gizontasunaren eta berdintasunaren inguruan gogoeta egiteko, Tokak gidatuta. Guztira hamabost saio egingo dira, zarauzko sektore desberdinetako kideekin.

Axi Baglietto Tokako kideak eskerrak eman dizkio Parekidetasun sailari eta Zarauzko Mugimendu Feministari, egindako lanagatik, "beraiei esker sortu baitzen Toka". Duela hamar urte udalak martxan jarritako tailer batean dauka jatorria gizon taldeak. "Apustu hori egin ez balitz, ez litzateke Toka existituko". Tailerrarena urte eta erdiko prozesua izan zen, eta behin hori amaituta, elkartutako gizonek beraien kontura biltzen jarraitzea erabaki zuten. Horrela sortu zen Toka.

Zortzi urtean zehar, "ikusgarritasun handirik izan ez duen", baina "oso garrantzitsua" izan den lana egin du Tokak. Hala azaldu du Bagliettok: "Gizon izateko prestakuntza bat jaso dugu, eredu batzuk, eta horiek kuestionatzea ezinbestekoa da ez baditugu erreproduzituko". "Etorkizuneko gizarte parekidean" gizonek izango duten lekua "deskubritzen" dihardute Tokan.