Familia turismoa sustatzeko 'Familiz-family' proiektua sortu du Udal Elkarteak

Zarauzko Hitza 2018ko urr. 18a, 18:23

Eskualdeko turismo mailako "lehen eskaintza-sorta" aurkeztu du Urola Kostako Udal Elkarteak. Urola Kostara bisitariak urte osoan erakartzea du helburu egitasmoak.

Familiz-family aurkeztu du Urola Kostako Udal Elkarteak, eskualdeko turismo eskaintza familiengana bideratzeko asmoz. Turismo sektoreko Lankidetza Mahaiak osatu du eskaintza-sorta. Udal Elkarteak sustaturik, eskualdeko zazpi enpresa pribatuk osatzen dute Lankidetza Mahaia.

Urriko azken astebururako, hilaren 26, 27 eta 28rako plan-sorta prestatu dute enpresok, Orion, Zarautzen eta Getarian geldialdi ezberdinak eginez. Oinarrizko plana edo Premium-a hartzeko aukera dago. Lehenengoak, 117,5 euroko prezioa du, eta bigarrenak, 199 eurokoa. Asteburupasa proposamenaren inguruko xehetasun gehiago www.basquedestination.com orrialdean dago eskuragarri.