Ikastola berritu eta Eguzki-Izarren eraikitzeko planak aurrera egin du

Amaia Urbieta Arruti 2018ko urr. 19a, 08:30
Eguzki-Izar eremuan eraikiko dituzte etxebizitzak eta hotela. (Amaia Urbieta Arruti)

Salbatore Mitxelena Ikastola berrituko dute, abuztuan udalean onartutako hirigintza planarekin. Eguzki-Izar eremuan, berriz, etxebizitza eta hotel berriak eraikiko dituzte.

Promociones Andutz Mendi S.L. eta Salbatore Mitxelena Ikastolak adostutako hirigintza proposamena gehiengoarekin onartu dute Zarauzko Udalean; EAJ, EH Bildu eta PSE-EEkoek onespena eman dute eta Irabazi Zarautzek kontrakoa. Abuztuko udalbatzarrean hartu zuten erabakia Ikastola berritzeko eta Eguzki-Izar eremuko hirigintza plana gauzatzeko.

Ikastola «handitu» eta «hobetu» egingo dute, gaur egun dagoen kokapen berean mantenduz. Salbatore Mitxelena Ikastolako egungo lehendakari den Iñigo Ameztoik adierazi du, instalazioak «zaharkituta» daudela eta segurtasun aldetik ez dituztela gutxienekoak betetzen; beraz, eraberritze bat «behar-beharrezkotzat» jotzen du. Hirigintzako hitzarmen berriarekin, besteak beste, futbol zelaiak estali egingo dira, garaje zaharrean jangela berria eraikiko da eta siesta gela egokituko dute. Guztia marko pedagogiko berrira egokitzeko asmoarekin egingo dute. Ikastolaren asmoa, berrikuntzak 2019ko urrian, Kilometroak festaren egunean inauguratzea da.

Eguzki-Izar eremuan, berriz, Bizitegi Programa gauzatuko da. Programa honen barruan, etxebizitzak eta hotel bat eraikitzeko lur eremuak gordetzea adostu dute. «Plaza handi bat» ere sortuko da eremuan. Horrez gain, Iñurritza ibaiaren erreka bazterra berreskuratuko dute, eta Gipuzkoa eta Nafarroa kaleen arteko bidegurutzean biribilgune berri bat eraikiko.

2005ean, Andutz Mendi SL enpresa  berak Ikastolarekin egindako akordioaz geroztik, «airean» zegoen hirigintza plana, eta orain, Ameztoi Ikastola lehendakari postuan dagoenez, «gaiari heltzea» erabaki du. «Aspalditik ibili izan naiz gai hau lantzen, eta, orain, aukera berri bat daukagu zerbaitetara iristeko».

Hitzarmena Irabazi Zarautz alderdiak eta Arkamurka natur elkarteak egindako alegazioak eztabaidatu ostean onartu zuten udalean, abuztuko udalbatzarrean, hain zuzen ere. Hasieran eraikuntzen gehienezko profilen aipamenak jasota zeuden hitzarmenean, baina gero kendu egin dituzte. Horrez gain, eraikitakoaren %15a lagako zaio Zarauzko Udalari, %10a utzi ordez.

Eguzki-Izar eremuaz

Irabazi Zarautz alderdiak ez du onartu plana. Etxebizitzak egiteko eremu eraikigarria 18.000 metro koadrokoa izango da, eta hotela egitekoa, berriz, 4.000 metro koadrokoa. Eraikigarritasuna «gehiegizkoa» dela eta  «justifikatu gabe» dagoela uste du Irabazi Zarautzek. «Eguzki-Izar leku berezia da, eta biotopoaren inguruan dagoenez, eremu estrategikoa da», Irabaziren ustez. Horregatik, «ingurumeneko ebaluazio estrategiko bat beharrezkotzat» jo du koalizioak.  Udal Gobernuak (EAJ eta PSE-EE) hori izapidetzea ez dela beharrezkoa azaldu du. Xabier Txurruka alkateak hitzarmena «izan daitekeen onena» dela azaldu du, eta Irabazikoei plangintza «perspektibarekin» ikusteko eskatu die, «xehetasun txikietan erreparatu beharrean».

Zarauzko Arkamurka natura elkartea ere ez dago ados onartu berri den plangintzarekin. Hala ere, gustura daude Iñurritza ibaiaren alboetako hormak kenduko dituztelako eta naturalizazio prozesu bat emango delako. Dena den, garbi dauka Arkamurkak Iñurritza ibaiak izan behar lukeela Zarautz urbanizatzeko muga. Alegia, ibaitik haratago ez dagoela eraikitzerik defendatzen dute. Aitziber Sarobe Arkamurka elkarteko kideak azaldu du, aspalditik hasitako borroka dutela hori.

1982an, Erriberetako Parkea egitasmoa jarri zuen martxan Arkamurkak. Biotopotik Astirainoko naturalizazio prozesua bilatzen zuen proiektuak, eta oraindik iritzi berarekin jarraitzen dute. Sarobek azaldu duenez, ados daude Ikastolaren erreformekin, baina Eguzki-Izar eremua «bakean uzteko» eskatzen dute, herri barruan etxebizitzak eraikitzeko leku «aproposagoak» badaudela azalduz.
PSE-EEk Eguzki-Izarren ezin direla eraikin altuak egin esan du, eta ingurumen inpaktua ahalik eta txikiena izan dadin saiatzea beharrezkoa dela azpimarratu.

EH Bilduk ere hirigintza plana onartu du udalean. Ikastolaren aferari irtenbide bat ematen diola onartuta, beharrezkotzat jo du orain arte gertatutakoaren hausnarketa egitea. EH Bilduren ustez akatsa hitzarmenaren jatorrian dago. «Oinarrizko eskubide baten kontura ateratako etekinekin Ikastola berria, kiroldegia eta egun idatzita dagoen plangintza garatu nahi ziren, baina higiezinen burbuila lehertu eta orduko ilusioak zor bihurtu ziren». Plangintza zaharrean ez bezala, oraingoan babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko asmoa dagoela azpimarratu dute, eta Eguzki-Izar eremuan «astakeria handirik» egiten ez bada plana «egingarritzat» jo dute, nahiz eta eremuak eraikigarritasun «askotxo» daukala iritzi.