Mikel Morris: “Nire ametsa beti izan da hiztegigintzatik bizitzea; nirvanan nago orain”

Aitziber Arzallus/Gipuzkoako Hitza 2018ko urr. 19a, 10:27
Mikel Morris, Kike Amonarrizek egindako elkarrizketa batean. (EITB)

Mikel Morris elkarrizketatu du Gipuzkoako Hitzako Aitziber Arzallusek. Bere ibilbideaz eta hizkuntzalaritzaz aritu dira solasean, besteak beste.

Traje beixa soinean, kapela marroia buruan, irribarrea ezpainetan eta ehunka paper besapean dituela azaldu da hitzordura Mikel Morris Pagoeta (Denver, Colorado, AEB, 1957). Esku artean duen “erokeriaren” parte txiki bat da ehunka paper horiena. Orain arte sekula inork egin duen euskara-ingeles / ingeles-euskara hiztegi handiena eta osoena prestatzen ari da. Aurten ingeles eskolak emateari utzita, aurrerantzean hiztegiari eskaintzeko denbora gehiago izango duela dio, eta, ondo bidean, hiruzpalau urtean bukatua izango duela.

Mikel edo Michael?

Jatorriz, Michael Eduard; nortasun agirian, Mikel Edorta; akademian, Michael; bestela, Mikel; eta Zarautzen, Morris.

Ama euskalduna zenuen?

Ez.

Eta nolatan da Pagoeta zure bigarren abizena?

Munduan zehar, abizen bat bakarrik dute espainiarrak ez diren askok. Niri, espainiar herritartasuna lortzeko, bigarren abizena edukitzea inposatu zidaten. Pagest zen nire amaren abizena, baina ez nuen Pagest jarri nahi, eta, horri bueltaka nenbilela, Pagoeta jartzea bururatu zitzaidan. Kostatu zitzaidan ofizial egitea, baina, lortu nuen: Mikel Edorta Morris Pagoeta naizela dio nire nortasun agiriak.

Umetan leku askotan bizi izandakoa zara: AEBetan Coloradon, Oklahoman eta Mississippin; Angolan ere bai… Zergatik horrenbeste lekualdatze?

Aitaren lanagatik. Ez dakit zergatik, baina bi urtetik behin bizilekua aldatzen genuen.

Nola bizi izaten zenituen lekualdatze haiek?

Oso gaizki. 7 urte nituela, Oklahomara bizitzera joan ginen, eta oso gaizki hartu nuen. Pixka bat ohitu nintzenean, Angolara gindoazela esan zidaten. Han ohitu nintzenean, berriz gauza bera, Mississippira gindoazela; hura izan zen lekurik okerrena. Azkenean, Coloradora itzuli ginen, baina beste leku batera. Izugarrizko nahastea nuen ordurako.

Euskal Herrira zeure erabakiz etorri zinen. Zergatik?

Euskaragatik etorri nintzen. Banekien euskaldunak bazirela. Noizbait egunkarian euskal-frantsesei buruzko zerbait irakurria nintzen, eta behin erabat txundituta utzi ninduen ikusi nuen film batek. Euskaldunak eta indiarrak ageri ziren film hartan, elkarren kontra borrokan. Mendira joatean, sekulako irrintziak egiten zituzten euskaldunek, harriz harri salto egiten zuten, eta, gainera, indiar guztiak akabatu zituzten. Aho zabalik gelditu nintzen, eta pentsatu nuen noizbait ezagutu behar nituela euskaldun haiek. Gero, high school-en, kubatarra nuen espainierako irakaslea, baina asko gustatzen zitzaion Iruñea. Urtero talde bat ekartzen zuen Iruñera, eta haren bitartez lortu nuen etortzea.

Noiz eta non entzun zenuen lehen aldiz euskara?

Lekunberrin. Hizkuntza arraro bat hitz egiten zutela ohartu nintzen, eta espainieraz esaten zituzten biraoak bakarrik ulertzen nituela. Orduan konturatu nintzen haiek hitz egiten zutena euskara izango zela. Francoren azken urtea izango zen, 1974a.

Hizkuntza hura ikasi behar zenuela erabaki zenuen.

Bai. Liburutegi batean erosi nuen liburu bat: Cómo aprender vasco fácilmente. Harekin saiatu nintzen Coloradora itzuli nintzenean, baina ezinezkoa zen. Gerora, unibertsitate ikasketak bukatuta, berriro etortzea erabaki nuen. Beasainen jarri nintzen bizitzen, eta Alkartasuna lizeoko irakasle gelan egoten uzten zidaten. Bati eta besteari galdetuz, asko aurreratu nuen han, eta baserri batean morroi ere egon nintzen.

Garai hartan arraroa izango zen Euskal Herriarekin inolako loturarik ez zuen bat horrelako grinarekin euskaraz ikasten jardutea, ezta?

Egundokoak entzun behar izan ditut askotan: CIAkoa nintzela uste zuten batzuek Beasainen bizi nintzenean.

Garai hartan hasi zinen lehen euskara-ingeles / ingeles-euskara hiztegia egiten. Nolatan?

Konturatu nintzelako ez zegoela zuzenean ingelesetik euskararako eta euskaratik ingeleserako hiztegirik. “Egin zeuk” esan zidaten, eta horretan hasi nintzen. Paperean hitzak idazten hasi nintzen, gero eta gehiago eta gero eta zailagoak, eta gaur arte.

Elkarrizketa osorik ikusgai, Gipuzkoako Hitzan.