‘Orain presoak’ manifestazioarekin bat egin dute Urola Kostako LAB-eko delegatuek

Zarauzko Hitza 2018ko urr. 19a, 16:55
Urola Kostako LABeko delegatuak, gaur, Zarautzen. (LAB sindikatua)

"Gatazkaren konponbidearen bidean beharrezko eta lehentasunezko pauso gisa ulertzen dugu preso politikoen aferarekin bukatzea", adierazi dute Urola Kostako LAB sindikatuko delegatuek

Orain presoak giza dinamikarekin bat egin dute Urola Kostako LAB sindikatuko delegatuek. Hala, bihar, larunbata, Donostian egingo den manifestaziorako deia egin dute. 17:00etan hasiko da mobilizazioa, Donostiako Antiguoko tuneletik.

LABeko eskualdeko ordezkariek adierazi dute, “gatazkaren konponbidearen bidean beharrezko eta lehentasunezko pauso gisa ulertzen dugu presoen aferarekin bukatzea”. Gaineratu dute, behin betikoz “egoera irauli eta honekin bukatu” behar dela. Horregatik, eskualdeko pertsona guztiak, eta bereziki langileak, “auzi honen behin betiko konponbidea lortzeko lan egitera” deitu ditu.

Urola Kostako LABeko delegatuek “prekarietaren kontra, lan osasunaren alde eta orokorrean langileen eta herriaren alde borrokan” jarraituko dutela azpimarratu dute. Horrez gain, “determinazio osoz” preso eta iheslarien eskubideen alde ere lan egingo dutela adierazi dute. Horregatik, biharko manifestaziora deitu dute: “Langileon askatasunerako herri aske bat behar dugulako eta ez delako herri askerik izango preso politikorik dagoen bitartean”.