Pintxo-potea indartu nahi du Zurekin ostalari elkarteak

Zarauzko Hitza 2018ko urr. 22a, 13:09
Eli Salegi eta Martin ArgiƱano, gaur Salegi tabernan (Onintza Lete Arrieta)

Taberna kanpoaldean banderola handiak jarriko dituzte pintxo-potea dagoen asteazkenetan Zurekin elkarteko kideek, herritarrei gogorarazteko pintxo-potea dagoela. Zalantzak argitzeko ere balioko duela uste dute, ez baita urte osoan izaten. Uda ostean "erantzun motela" izaten ari dela uste du Salegi tabernako Eli Salegik.

Amaitu da uda sasoia Zarautzen, eta itzuli dira negu parteko ohiturak herrira. Asteazkenetan 18:00etan edo 19:00etan hasten da pintxo-potea herriko hainbat tabernatan, eta 2009an hasitako ekimena indartu nahi du aurten Zurekin ostalari elkarteak. Horregatik, elkartearen banderola handiak jarriko dituzte tabernen kanpoaldean pintxo-potea egingo den egunetan.

"Jendeari gogorarazi nahi diogu noiz izaten den pintxo-potea eta Zurekin elkarteko zein tabernatan edukiko duen edaria eta pintxoa 1,80 eurotan", azaldu du elkarteko Martin Argiñanok. Izan ere, askotan zalantzak sortzen dira: asteazkenero izaten al da? jai eguna egokitzen bada ere bai? eta zein tabernatan?

Zurekin elkartean ez dauden taberna batzuek ere egiten dute pintxo-potea beren kabuz. "Bakoitza libre da nahi duena egiteko, baina guk asteazkenetakoa nahi dugu indartu", esan du Argiñanok.

Salegi tabernako Eli Salegiren ustez, uda ondorengo hasierako aste hauetan "erantzun motela" ari da izaten pintxo-potea. Horregatik, begi onez ikusten ditu banderola jartzea eta gisarako ekintzak.

Azken urteetan jaisten

Hasieratik ari da parte hartzen pintxo-potean Salegi taberna. Aurreneko urteetan "arrakasta handia" izan zuen ekimenak, baina azken urtean "beherakada" nabaritu du Eli Salegik. "Orokorrean jaitsi da kontsumoa, baina bereziki pintxo-potea. Lehen kuadrillak 23:00ak arte gelditzen ziren egun horretan, kaxuelitak jateko edo razio batzuk, baina orain goiz etortzen dira eta 21:30erako alde egiten dute", azaldu du.

Orain bi urte arte oso ondo joan dela iritzi dio Salegik; iaztik, berriz, jaitsi egin dela uste du, eta aurten "nahikoa larri" hasi dela dio. "Guri, behintzat, asko jaitsi zaigu".

Salegi taberna Barren plazan dago, eta pintxo aukera handia eskaintzen du. Pintxo-poterako, berriz, bi pintxo jartzen ditu aukeran. Astero aldatzen dituzte, baina jendeari gehien gustatzen zaiona ahate konfita da.

Ia 38 urte daramatza zabalik tabernak, eta hasieratik daude Zurekin-en. "Elkartean esperientzia ona dugu, ekintza asko egiten dira eta pixka bat lagundu egin behar dela uste dut. Zerbait nahi duenak mugitu egin behar duela pentsatzen dut".

Parte hartzaileak

Zurekin elkarteko taberna hauek eskaintzen dute pintxo-potea:

Alde Zaharra

-Arrano

-Txiki Polit

-Euskalduna

-Itxaso

-Salegi

-Itsaski

-Joe

-Iruña

-Kulixka

Azken Portu-Aritzbatalde

-Xoxoa

-Itxas-Lur

-Aritzbatalde

Nafarroa-Mendilauta

-Euromar

-Karlos Argiñano

-Gaztelu

Talaimendi

-Ameztigain