Indarkeria matxistari buruzko jardunaldiak antolatu dituzte azaroaren 8rako

Zarauzko Hitza 2018ko urr. 23a, 10:58
Indarkeria matxistaren inguruko jardunaldien lehenengo edizioa, 2016an. (Artxiboko irudia)

Hirugarren edizio honetan, haurrak izango dira protagonista, "indarkeriak sakon-sakoneko eragina baitauka hori jasaten duten emakumeen seme-alabengan". Goiz osoko egitaraua prestatu dute azaroaren 8rako, eta izen-ematea ireki dute jada. Hona hemen egitaraua osorik.

Indarkeria matxistari buruzko III. jardunaldiak antolatu ditu Zarauzko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin babesarekin. Edizio honetan, indarkeria jasaten duten emakumeen seme-alabak izango dira protagonista, "indarkeriak sakon-sakoneko eragina baitauka hori jasaten duten emakumeen seme-alabengan".

Udaletik zabaldu duten adierazpenaren arabera, "indarkeria matxista dagoen etxe batean izugarri handitzen dira nahasmenak dituzten adingabeen portzentajeak eta nahasmenon larritasuna". Bestalde, ondorio eta kalte horietaz gain, "erasotzaileak askotan adingabeak tresna modura erabiltzen ditu indarkeria egiteko eta amei min emateko".

Beraz, jardunaldi hauetan, gai hau aztertu eta eztabaidatuko dute, ertz desberdinak ukituz; besteak beste, alor psikologikoa, heziketa edo ikuspegi judiziala. Goiz osoko egitaraua antolatu dute azaroaren 8rako; hiru hitzaldi nagusi izango dira, eta Urola Kostako Udal Elkartean (Urdaneta bidea, 6) izango dira guztiak.

Izen-ematea ireki dute jada, eta plaza kopurua mugatua izango dela jakinarazi dute. Izena emateko hiru modu daude: internet bidez (www.berdintasunazarautz.wordpresss.com), e-mail bidez (berdintasuna@zarautz.eus) edo telefonoz (943 005 117).

Indarkeria matxistari buruzko III. jardunaldiak

09:15. Aurkezpena

09:30-11:30. 'Genero indarkeria jasan duten amen seme-alabengan indarkeriak dituen ondorioak, eta haurren traumaterapia sistemikoa tratamendu gisa'. Jose Barudy Labrin, neuropsikiatra, haurren psikiatra eta familia-terapeuta. Aditua da haurren trauman, atxikimenduaren eta erresilientziaren eraikuntzan, eta gurasoen gaitasunak diziplina positiboaren esparruan garatzen.

11:30-12:00. Atsedena-kafea

12:00-13:00. 'Interakzio psikoterapeutikoa eta sozioedukatiboa, genero indarkeria jasan duten adingabeekin'. Olatz Soldevilla Santamaria, psikologian lizentziatua. Haurren traumaterapia sistemikoan diplomatua. Arreta goiztiarrean aditua da, eta prestakuntza dauka Esku-hartze Klinikoan. Psikoterapeuta Berriztu elkartean.

13:00-14:00. 'Genero indarkeriaren biktima diren neska-mutilak. Araudia eta babesa'. Jose Ignacio Alonso Romero, zuzenbidean lizentziatua, eta haurren eskubideetan aditua Save The Children elkarteko Sentsibilizazio eta Haurren Politikako Departamentuan.

14:00. Itxiera