Astelehenetik zabalik da Kirol Orientazio Zerbitzua (KOZ) zarauztar guztientzat. Kiroldegian jarri dute bulegoa, eta aditu batek orientatuko ditu bertara gerturatzen diren herritarrak, kontuan hartuta pertsona bakoitzaren ezaugarriak; esaterako, adina, osasun egoera, interesak eta baldintza sozioekonomikoak. Zerbitzua doakoa da, eta Libana Taboada da orientatzailea.
Gaur egin dute aurkezpen ofiziala Kiroldegian bertan, baina atzetik urtebeteko lana dagoela azpimarratu du Taboadak. Izan ere, udalaren zerbitzua da, baina aldi berean, elkarlanean landutakoa Eusko Jaurlaritzaren Mugiment proiektuak, Osasun Sailak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Iker Etxeberria Mugiment proiektuko teknikariak esan duenez, zerbitzu oso berritzailea da: «Eredu berri bat da, Europan ere nekez aurkitzen dena». Izan ere, helburua da herritar guztiak aktibatzea, kirola egitera bultzatuz; izan kiroldegian, kalean nahiz etxean. Bereziki, «gizartearen ertzetan» dauden herritarrengana iritsi nahi da.
Herri osoa kiroldegi
Erakundeen arteko elkarlan hau goraipatu du Unai Asurmendi aldundiko Kirol teknikariak, eta Gipuzkoako datu batzuk eman ditu: herritarren %10ak dute ezgaitasunen bat; %45ak patologia kronikoren bat dute; %5ak nolabaiteko diru laguntza jasotzen dute; eta %15 txirotasunaren mugan daude. Zerbitzuaren arduradunek azpimarratu dute horiek ez direla kiroldegira euren kabuz joango.
Taboadak azaldu duenez, bost bide daude zerbitzura iristeko: norbera bere kabuz joatea; anbulatorioan medikuak bolante bat egitea; ikastetxeetatik bideratuta; Gizarte Zerbitzuen Sailak gomendatuta; eta herriko hainbat eragileren bitartez.
Anbulatorioarekin eta Gizarte Zerbitzuekin lanean ari dira, eta era guztietako kasuak bideratzen dituzte. Izan ere, kirola lagungarria da osasuna hobetzeko ez ezik, baita integrazioa bultzatzeko, bakardadeari aurre egiteko nahiz depresioa bezalako gaitzei laguntzeko.
Ikastetxeekin oraindik ez dira hasi gaia lantzen, baina Taboadak uste du denborarekin haurrak eta gaztetxoak ere bertaratuko direla, «arazo garrantzitsua baita gure umeen obesitatea».
Zarautzen zerbitzua jaso duen aurreneko pertsona gurpildun aulkian dago, eta egun osoa eserita pasatzen zuen orain arte. Orain, pilates egiten hasi da kiroldegian bertan, «eta oso gustura dago». Taboadak azpimarratu du Zarauzko mapa duela esku artean, eta bakoitzari ondoen datorkiona gomendatuko diola: itsasertzean paseatzea, parkean jolastea, bidegorrian korrika egitea nahiz Kiroldegira joatea. «Pertsona bakar bati laguntzen badiot luzera begira kirola bere egunerokoan txertatzen, orduan helburua beteta edukiko dut».
Azpeitian jada martxan dago zerbitzu bera, eta Zumaian laster hastekoak dira.
Ordutegia
- Astelehenetan. 09:00-11:30 eta 15:00-18:00 artean, Kiroldegian.
- Astearteetan. 09:30-12:30 artean, anbulatorioan.
- Asteazkenetan. 11:00-13:30 eta 17:00-20:00 artean, Kiroldegian.
Aurrez txanda hartzeko
- Telefonoz. 943- 00 51 23
- Aurrez aurre. Kiroldegiko harreran edo anbulategian.
- Idatziz. koz@zarautz.eus