Arraio Irratiaren programazio berria aurkeztu dute

Zarauzko Hitza 2018ko urr. 26a, 12:43
Arraio Irratiaren 10. urteurreneko festa. (Arraio Irratia)

Lau irratsaio berri eskainiko dituzte Putzuzuloko Gela Arroxetik: Galde debalde, Kosta kasta, Ithaka ukatuz eta Hankak lurrean. Hona hemen programazioa eta irratsaioen deskribapenak ikusgai.

Zarauzko Irrati Askeak, Arraio Irratia, 2018-2019 denboraldiari heldu dio jada. Aurtengo programazioa aurkeztu berri dute, eta ohi bezala, irratsaio propioz, Arrosa Sareaz zein musikaz josi dute 99'3 FM frekuentzia, Putzuzulo gaztetxeko Gela Arroxetik. Internet bidez ere entzun daiteke (www.arraio.eus).

Arraiotik jakinarazi dutenez, lau irratsaio berri abiatu dituzte aurten: Galde debalde (entzungai jada), Kosta kasta (urriaren 31tik aurrera), Ithaka ukatuz (azaroaren 7tik aurrera) eta Hankak lurrean (azaroaren 22tik aurrera). Hona hemen aurten entzungai izango diren irratsaio propio guztiak eta bakoitzaren azalpen laburra:

  • Bapateko unibertsoa: astelehenero, 20:00etatik aurrera. "Bertsolaritzaren unibertsoan barna ibiliko gara, lehengo zein oraingo bertso-saioak, elkarrizketak, eztabaidak...".
  • Galde debalde: astelehenero, 21:30etik aurrera. "Lagunen arteko eztabaida klasiko, ez hain klasiko eta surrealistak". "Iritzi edota paranoiei izen-abizenak edo ezizenak jartzera gatoz".
  • Zaratazarautz: asteartero, 21:30etik aurrera. "Arraioko irratsaio beteranoak musika zaratatsu ezberdinak uztartzen ditu". Saioaz gain, kontzertuak ere antolatzen dituzte Putzuzulon.
  • Kosta kasta: hileko azken asteazkenean, 19:00etatik aurrera. "Ikastolako ikasleek grabaturiko irratsaioa, beraien kezka, galdera eta gai ezberdinen inguruan".
  • Izerditan blai: asteazkenero, 20:00etatik aurrera. "Kirol saioa, herriko zein inguruko kirolariekin elkarrizketak eta taldeen emaitzen errepasoa".
  • Ithaka ukatuz: asteazkenero, 21:30etik aurrera. "Munduan barrena bidaiatzeko parada ezin hobea izango dugu, modu didaktiko batean ezagutzeko ditugun txoko eta bazter berezien istorio, ezkutaleku, usain eta soinuak begiztatuz".
  • Hankak lurrean: ostegunero, 19:30etik aurrera. "Lurraren gaineko irratsaioa, gure elikagaiak, ohiturak eta paisaiak, alternatibak eta sendagaiak".
  • Atalka: ostegunero, 21:00etatik aurrera. "Atal ezberdinez osatzen den saioa: Zinema itsua (soinu bandak eta zinea), Gorkeya (belarriak kitzikatzeko musika fina), Emakume anabasa (hainbat emakume ikusarazteko saiakera) eta Kitzikan (erotikaren mundu zabala)".
  • Ahuntzaren gauerdiko eztula: igandero, 21:00etatik aurrera. "Aktualitatea jorratuko dugu. Euskal Herriko eta munduko edozein txokotako gertaerak landuko ditugu, seriotasun umoristikoz beti ere".