HARA! Zarautzen egindako surf oholak ditu Neymarrek

Zarauzko Hitza 2018ko urr. 29a, 13:05
Neymar, Bartzelona taldeko futbolaria zeneko irudi batean

Basque Country Surf Company Zarauzko enpresak surf oholak egiten ditu, eta bezeroen artean dauka munduko surf txapeldun izandako Gabriel Medina. Orain, Neymar futbol jokalari ezagunak ere eskuratu ditu bi ohol.

Mundua txikia da: Zarautzen eskuz egindako surf ohola iritsi daiteke mundu mailako futbol izar batengana. Zehazkiago esateko, Neymarrengana. Basque Country Surf Company enpresako Mikel Agotek atzo azaldu zion Euskadi Irratiari nolatan dituen Neymar futbol jokalariak Zarautzen egindako surfeko bi ohol.

Antza, Gabriel Medina surflaria eta Neymar lagunak dira, eta Zarauzko enpresaren bezeroa da Medina. Munduko txapelduna izandakoak aurten ere titulu hori eskuratzeko aukerak ditu, eta horregatik hitz egin zuen atzo Agoterekin Euskadi Irratiak.

Agotek jakinarazi zuenez, Neymarrek semearentzat erosi ditu surfeko bi ohol.