UKUEk hondakin organikoaren edukiontziak ikuskatuko ditu

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2018ko urr. 30a, 18:00
(Aritz Mutiozabal)

Urola Kostako Udal Elkartetik jakinarazi dute, azkenaldian edukiontzi marroietan organikoa ez den hondakin ugari aurkitu dutela: ontzi arinak eta errefusa, besteak beste.

Kostako bost udalerrietako (Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaia) udako hondakinen bilketa datuen inguruko balorazioa egin zuten atzo Urola Kostako Udal Elkartean, eta arreta berezia jarri zuten hondakin organikoaren bilketan. Izan ere, jakinarazi zuten, udan hondakin kopurua %20 hazi den arren, mantendu egin dela ondo sailkatuta jaso den hondakin kopurua, %70era iritsiz.

2017ko datuekin alderatuta, biohondakinen bilketa %120 hazi ba bailaran, baina oraindik zer hobetua badagoela uste dute. Udal elkarteko lehendakari Igor Iturainek nabarmendu zuen hondakin organikoaren kalitatea ez dela «nahi bezain ona», hau da, «hondakin organikoen edukiontzietan organikoa ez den material ugari agertu da azkenaldian». Horregatik, azaroan eta abenduan Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako hondakin organikoen edukiontziak ikuskatzeko kanpaina jarriko du martxan udal elkarteak.


Hiru akats nagusi

Hondakinak biltzeko sistema berria martxan jarri zutenetik erabiltzaileek «jarrera ona» erakutsi dutela azaldu dute udal elkarteko arduradunek, baina «arduraz eta ingurumenarekiko begirunez jokatzeko» deia ere egin dute. Izan ere, hondakin organikoen bilketari dagokionean batez ere, hiru akats nagusi identifikatu dituzte. Alde batetik, irailean eta urrian egindako karakterizazio azterketetan ikusi dute, biohondakinen edukiontzira plastikozko poltsak, ontzi arinak eta errefusa ere botatzen dituztela zenbaitek. Bestetik, ohartu dira konpostagarriak ez diren poltsen erabilera ugaritu egin dela.

Horrez gain, nabarmendu zuten poltsa ugari agertzen direla edukiontziaren ondoan, lurrean utzita. «Oraindik ere, edukiontzien eremuetan plastikozko poltsa beltz handiak uzten dituzte zenbait sortzaile handik, lurrean botata, edo edukiontziaren barruan».

Ildo horretan, Iturainek argitu du, herritarren gehiengoak hondakinak gaika ondo bereizten baditu ere, gutxi batzuek edukiontzi marroira organikoak ez diren hondakinak botatzen badituzte, «gainontzekoek egindako ahalegina bertan behera» geratzen dela. Horregatik, norbaitek ez badu hondakin organikoa ondo bildu nahi, hobe du errefusaren edukiontzia erabiltzea», gaineratu du Iturainek.


Hezitzaileak kalean

Hondakin organikoaren bilketan behin eta berriz gertatzen diren akatsei irtenbidea emateko, ikuskapen lana indartuko du udal elkarteak, eta Kostako bost udalerrietan hondakin organikoaren erabilpena ikuskatzeko kanpaina egingo dute azaroaren 5etik abenduaren 21era bitartean. Hainbat neurri hartuko dituzte: etxe atarietan idatzi bat jarriko dute, ikuskatze lanak egingo dituztela azalduz. Eta, txandaka, biohondakinen edukiontzietako ikuskapen lanak egingo dituzte.

Zarautzen hasiko dira, eta bost egunetan zehar Alde Zaharreko edukiontzi marroietara botatzen dena aztertuko dute hezitzaileek. Zumaian beste bost egun igaroko dituzte, hiruna Orion eta Getarian eta bi Aian. Herri bakoitzeko ikusketa lanen azken egunean edukiontzi marroietan pegatina bat jarriko dute hezitzaileek, edukiontzi horien erabilera zuzena den ala ez zehaztuz. Horrez gain, kanpaina egin eta hilabetera, bigarren ikuskaketa lanak egingo dituzte eremu berean, egoera hobetu ote den jakiteko.
Udal elkartetik ohartarazi dute, ikuskapen egunetan erabiltzaileek botatzen dutena aztertzeaz gain, hezitzaileek gomendioak emango dizkietela herritarrei, eta behar izanez gero, ohartarazpenak ere egingo diztuztela.


Sortzaile handiak

Udal Elkarteak hornitzaile handien bilketa ere ikuskatuko du, eta merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu arloko hogei erabiltzaileri ohartarazpenak egin dizkie jada. Gainera, azaroan eta abenduan sortzaile bereziei bisitak egingo dizkiete hezitzaileek hondakinen bilketaz hitz egiteko.