Eraztun Berde Urdinari buruzko aldizkaria argitaratu dute

Zarauzko Hitza 2018ko urr. 31a, 13:56
Eraztun Berde Urdinaren inguruko baliabide berriak sortu dituzte. (Zarauzko Hitza)

Eraztun Berde Urdinaren inguruko webgunea eta eskuorria ere sortu zituzten irailean, Agenda 21 ekimenetik. Aldizkariak haurrei zuzenduta daude batez ere, eta besteak beste, herriko ikastetxe guztietan banatuko dituzte. Bestalde, EBU ezagutarazteko irteera gidatu bat ere antolatu dute azaroaren 11rako.

Agenda 21 ekimenaren barruan lantzen aritu diren Eraztun Berde Urdina proiektua garatze bidean, ibilbideen inguruko informazioa eskuragarri izateko eskuorria eta webgunea sortu zituzten irailean. Orain, baliabide berri bat aurkeztu dute; Eraztun Berde Urdina aldizkaria. Proiektua gizarteratzeko eta parte hartzea sustatzeko helburuarekin sortu dute, batez ere, haurren artean.

Momentuz, 2.000 ale atera dituzte. Herriko ikastetxe guztietan banatuko dute aldizkaria, eta baita eragile desberdinen artean ere; bizilagun elkarteak, ingurumenarekin harremana duten taldeak, eta abar. Udal eraikinetan ere eskuragarri jarriko dute.

16 orrialde ditu aldizkariak, 6 ataletan banatuta: editoriala, albiste laburrak, elkarrizketak, EBU kluba, EBUren altxorrak eta zarauztarrak EBUan. EBU kluba atala ikasleei zuzenduta dago batez ere, eta helburua haurren artean ingurumena, natura eta bioaniztasuna zaintzeak duen garrantzia ikusaraztea dela azaldu dute, eta baita ingurumenaren zaintzaile gisa izan dezaketen parte hartzea bultzatzea ere.

Herritarren ekarpenak eta iradokizunak jasotzeko, kartulina txiki batzuk sartu dituzte aldizkari barruan, hainbat galderaz osatuta. Kartulina hauetan idatziz gero, Etxezabalako Harrera Bulegoan jarriko dituzten postontzietan uzteko aukera egongo da.

Bestalde, Eraztun Berde Urdinaren proiektua ezagutarazteko asmoz, familia giroan egiteko irteera bat antolatu dute azaroaren 11rako. 09:30ean izango da hitzordua, Aiten Etxe jatetxearen parean, hor hasten baita Eraztun Berde Urdinaren ibilbidea. Irteera gidatua izango da, goiz osokoa, eta Munoa plazan amaituko da. Guztira, 11 Km eta 400 metro egingo dituzte.