EH Bildu: "Udalaren diru sarrerak bermatzeko ez dago zarauztar guztiei zergak igo beharrik"

Zarauzko Hitza 2018ko aza. 1a, 18:25
Ezkerretik hasita, Mikel Goenaga, IƱaki Eizagirre, Ane Arruti eta Karmele Alberdi, Zarauzko EH Bilduko ordezkariak. (Amaia Urbieta Arruti)

Udalak eskaintzen dituen zerbitzuetarako diru sarrerak modu "justuago" batean biltzeko proposmena egin du EH Bilduk.

Aurreko osteguneko udalbatzarrean Udal Gobernuaren udal tasa eta zergen proposamena onartu zuten. Proposamenaren aurrean, EH Bilduk boto partikular bat aurkeztu zuen, baina PSE-EEren eta EAJren aurkako bozkekin, ez zen onartua izan. Onartutako proposamenean zergen igoera orokor bat aurreikusten da, zenbait salbuespenekin; esaterako, OHZren igoera %1,72koa izango da.

EH Bilduk zergen izozte orokor bat proposatu zuen, eta Iñaki Eizagirre zinegotziak azaldu zuen arrazoia ez dela "Udalaren diru-sarrerak igotzearen edo egonkortzearen aurka daudelako, diru-sarrera horiek nondik eta nola lortzeko beste modu justuago bat badagoela uste dutelako baizik". Era berean, udalak ematen dituen zerbitzuen diru sarreren eta gastuen azterketa bat eskatu du EH Bilduk. "Uste dugu udalaren egoera ekonomikoa duela urte batzuk baino hobea dela, eta lanketa egin behar dela ematen diren zerbitzuen gastu eta diru sarreren inguruan".

Azaldu dutenez, gobernuak duela sei hilabete honako datuak helarazi zizkien: 2017ko ekitaldia 4,6 milioiko superabitarekin itxi zutela eta uste baino %4,6 gehiago jaso zutela. Datu horiek ikusita, EH Bilduk zalantzan jartzen du %1,2ko igoera izan behar denik. Era berean, prest leudeke zerbitzuak banaka aztertu eta horren araberako igoerak aplikatzeko, "beharrik balego".

Hiru ildo

Ordenantza fiskaletan hiru lan ildo proposatu zituen koalizioak: etxebizitza, mugikortasuna eta uraren tarifazioa. Etxebizitzaren arloan, bi errekargu mota proposatu zituzten: bigarren etxebizitzei %75eko errekargu bat aplikatzea OHZn, eta etxe hutsei %150ekoa. Honekin, "funtzio sozialik betetzen ez duten etxebizitzak alokairura ateratzea" bultzatzea da helburua. Era berean, etxe hutsen programan sartzen dian etxebizitzen kasuan, obren gaineko zergan %2ko karga tasa berri bat ere proposatu zuten, eta programa horietan sartzen diren etxebizitzen jabeei %90eko hobaria aplikatzea OHZn. Azken hobari hau Udal Gobernuak bere proposamenean jaso zuen.

Mugikortasunaren kasuan lau aldaketa proposatu zituzten: ibilgailuen zergan %25eko hobaria, aparkatzeko TAO bereizgarririk eskatzen ez dutenentzat eta urteko bereiztarria eta udako bereizgarrian tarifa ezberdina berrezartzea, "zerbiztua ezberdina delako urte osoan erabilita edota udan bakarrik erabilita".

Uraren tarifazioan, aldiz, "kontsumo arduratsua bultzatzeko" neurriak proposatu zituzten. Ura "arduraz" kontsumitzen dutenek saria jasoko lukete eta ura "arduragabe" kontsumitzen dutenek diru gehiago ordaindu beharko lukete.