Uztailaren erdialdera hasi zituzten lanak Orokieta Herri Eskolan, eskolako jangela eta sukaldea berritzeko. Jangela prest gelditu zen ikasturtea hasterako, eta aldaketari esker, umeek bi txandatan jaten dute, hiru txandatan beharrean. Horretarako jangela handitu dute, eta txanda bakoitzean 202 umerentzako tokia dago. 400 haurri ematen diote jaten bertan.
"Aldaketa garrantzitsua da, lehen bazkaltzeko denbora askorik ez zutelako umeek; bi ordu eta erdian hiru txandak jan behar zuten. Orain, patxadaz bazkaldu dezakete, eta mahaiko ohitura onak erakusteko aukera ere badugu", azaldu dio HITZAri Arrate Ugalde zuzendariak.
Jangelari bi zati erantsi dizkiote. Batetik, eskuineko aldea luzatu egin dute, eta bestetik, lehen irratia eta Guraso Elkartearen bulegoa zeuden tokiak jangelari eman dizkiote. Irratia goiko pisuetako batera aldatu dute.
Sukaldea, berri-berria
Sukalde berria egiten ari dira orain, eta lanak ostiralerako amaitzea espero dute. Gero, ordea, makinak eta sukaldeko elementuak jarri beharko dituzte. Horregatik, Ugaldek ez daki noizko egongo den prest sukalde berria.
Tximinia berria jarri dute, eta estali dute ia osorik. Sukaldeko elementu guztiak izango dira berriak, eta langileek bertan aldatzeko tokia ere izango dute hemendik aurrera.
Ausolan enpresak ematen ditu bazkariak eskolan, eta lanak egin bitartean katering zerbitzua ari dira erabiltzen. Etxetxo prefabrikatu bat jarri dute jangelaren ondoan, eta hortik ari dira zerbitzua eskaintzen.
Irisgarritasuna ere hobetuta
Sukaldeko obra izan da garrantzitsuena, baina bigarren mailako lan txikiagoak egiteko aprobetxatu dute. Hala, iparraldeko sarreran irisgarritasuna hobetu dute hainbat arranpla jarrita.
Irratiaren kokagune berria ere ari dira prestatzen, eta telebistarako txoko bat jarriko dute. Orain arte goizero egiten zuten irratsaioa ikasleek, baina hemendik aurrera, irratiaren txokora gehiagotan joateko aukera izango dute, ikastetxean bertan egongo delako, ez jangelan.