Kontu serioa da ondo pasatzea

Onintza Lete Arrieta 2018ko aza. 6a, 18:14
Drumkopters taldea (Drumkopters)

Drumkopters musika taldea osatzen dute Maider Fernandez Txini-k, Leire Kortaxarena Korta-k eta Miren Narbaizak. Lehen diskoa argitaratu dute bederatzi kanturekin, eta sarean entzungai eta salgai dago.

"Behin, bideo batean, bateria-jotzaile bat bateria hegalari antzeko batean hegan jotzen ikusi genuen, helikoptero antzeko batean. Asko gustatu zitzaigun". Eta hortik dator Drumkopters izena: drums (bateria, ingelesez) eta helikopteroaren arteko hitz joko bat da. "Gure artean hasieratik umoreak presentzia handia izan du, beraz, izen hori oso aproposa iruditu zitzaigun". Hala azaldu dute taldea osatzen duten hiru lagunek: Maider Fernandez Txini eta Leire Kortaxarena Korta zarauztarrek eta Miren Narbaiza eibartarrak.

2015ean sortu zuten taldea, eta orain iritsi da aurreneko lana. Taldearen izen bera darama, eta bederatzi kantu aukeratu dituzte diskoa osatzeko. Bateriak, gitarrak eta baxuak doinu ilunak eskaintzen dituzte abesti askotan, eta Narbaizaren ahots indartsuak ere protagonismo handia du. Ander Barriusok egin ditu grabaketa lanak eta produkzioan, berriz, Ibon Rodriguez izan dute lagun, "ekipo zoragarria". Urri hasieran argitaratu zuten diskoa, eta gustura dira bai aurrez egindako lanarekin, bai estudiokoarekin eta jendearen partetik jasotako erantzunarekin: "Estudioan eta bertatik kanpo egindako lana handia izan den arren, ederra izan da bidea. Oso oroitzapen politak dauzkagu, astebetez udalekutan bezala egon baikinen bertan eta urduritasunak, zalantzak, beldurrak... izan arren, horiek gainditu eta barre pila bat egin baikenuen".

Diskoa Interneten dago entzungai eta salgai, drumkopters.bandcamp.com helbidean.

Punka oinarrian

Musika talde gehienek bezala, Drumkopters taldeak ere ez du bere musika definitu nahi. Hala ere, ausartu dira zirtzelkada batzuk margotzen. "Oinarri punka duela esango genuke, izaera ere bai, baina pentsatzen dugu hortik kanta bakoitzean hego desberdinak zabaltzen direla, kantu batzuk oso desberdinak direlako euren artean. Dena dela, ukitu iluna oso gogoko dugu eta askotan jotzen dugu alde horretara, trantze ilun eta jostakorrera".

Musikan beharbada ez, baina abestien letretan egon da aldaketarik hasieratik hona. "Hasieran umoreari loturiko letrak ziren, ez genien garrantzia handiegirik eman nahi, ez genuen sakontasunik bilatzen". Denborarekin aldatzen joan zen, "beharrak ezberdinak ziren eta kantuetan zerbait kontatzeko grina etorri zitzaigun, beste gai batzuk jorratzeko gogoa".

Abesti batzuk eguneroko bizipenetan oinarritu dituzte, "esperientzietatik eta sentimendu konpartituetatik abiatutako gogoeta eta kritika ere badago". Taldearen erdigunean egon den beste elementu bat umorea izan da. "Oso serio hartzen dugu ongi pasatzea, taula gainean lasai eta gustura aritzea, publikoarekin harremana... eta horretarako estetika tresna bat erabili dugu". Mozorro bat dute, "horrek umorearekin konektatzeaz gain taula gainean beste irudi bat ematen lagunduko zigula pentsatu genuelako".
Denborarekin bixerak aldatzen edo kentzen joan dira, eta antifazetatik aurpegia margotzera pasatu, "baina beti eman diogu garrantzia taulagainean eroso egoteari eta umoreari".

Zarauzko Putzuzulo gaztetxean ospatu zen Mefsst jaialdiaren barruan jo zuten lehenengo kontzertua, eta handik aurrera hainbat lekutan aritu dira, tartean Euskal Herrian, Katalunian, Londresen eta Berlinen. Hirurek ibilbidea desberdina dute musika munduan: Narbaiza hainbat taldetan aritu da (Napoka Iria eta Mice, besteak beste), Kortak Pottors eta Klito taldean jo du, eta Txinirentzat hau izan da bere lehen musika proiektua.