"Disfrutatzeko talde bat da Buffalo"

Natxo Velez 2018ko aza. 7a, 11:09
Buffalo taldea. (Laura Miner)

Zarauztar hirukoteak Ulu diskoa kaleratu du, bere ibilbideko hirugarrena. Zazpi kantuko lan instrumentaletan, atmosferetan eta gorabehera erritmikoetan zehar gidatzen dute entzulea. Natxo Velezek elkarrizketa egin dio Joanes Ederra taldeko baxu-jotzaileari, EITBn.

Ulu Buffaloren azken diskoa ez da oihu bat; izenburuak hala iradokitzen badu ere, ez da garrasia, ezpada xuxurla. Ander Ederra (gitarra) eta Joanes Ederra (baxua) anaiek eta David Gorospe bateria-jotzaileak osatzen duten taldeak aske bideratzen du entzulea zazpi kantutan zehar, handik oraingoan eta hortik hurrengoan, jazzaren eta postrockaren mugarri malguen barruan atmosferak, dinamika gorabeheratsuak eta melodia lanbrotsuak proposatuz.

Musikari saiatuok (besteak beste, Benito Lertxundirekin, Alex Ubagorekin eta BOSekin batera aritutakoak dira) lana zuzenean aurkezten dihardute egunotan, eta bihar, azaroak 8, Donostian izango dira, Kultxa Kultur Klubean.

Joanes Ederra taldeko baxu-jotzailearekin hitz egin dugu.

‘Ulu’ da diskoaren izenburua, baina uluak iradokitzen duen indarkeriatik urrun kokatzen dut zuen proposamen musikala

Disko honetako lehenengo abestiaren izenburua da Ulu, diskoarena izateaz gain. Abestiak badu nolabaiteko atmosfera ilun bat, eta gitarraren doinuak garrasi moduko bat ekartzen digu gogora pasarte batzuetan.

Horretaz gain, abestiak ukitu afroa du erritmo aldetik, eta ulu hitzak, fonetikoki ere, ukitu hori duela iruditzen zaigu.

Behin eta berriz aldarrikatu duzue zuzeneko soinua harrapatzen saiatzen zaretela diskoetan, eta aurreko lana (Zinematik) zuzenean grabatu zenuten, kontzertu batean. Ulu-n lortu egin duzuelakoan zaudete?

Gure abestietan dinamika ezberdinak erabiltzea gustatzen zaigu, intentsitatearekin jolastea pasarte batzuetan igoz eta beste batzuetan jaitsiz, eta dinamika hauek disko batean ondo islatzeko gakoak momentuko interakzioa eta elkarri entzutea direla uste dugu.

Lortu egin dugula uste dugu, eta gustura gaude emaitzarekin. Alde batetik, mahai analogikoa erabiltzea izan da gakoa: mahai mota honek grano moduko bat ematen dio soinuari, eta zikindu egiten du, guri gustatzen zaigun 60ko eta 70eko hamarkadetako ukitu hori emanaz soinuari.

Beste gakoa Iosu Gonzalez teknikari eta lagunarekin lan egitea izan da. Gure musika ezagutzen zuen, eta bazekien, gutxi gorabehera, zein soinu nahi genuen diskorako.

Hemen elkarrizketa osorik