Sorkuntza ariketa kolektiboa denean

Dorleta Agiriano Lai 2018ko aza. 15a, 09:28
Paul Beitia zarauztarrak hartu du sortu berri den idazle tailerra dinamizatzeko ardura. (Dorleta Agiriano Lai)

Idazle-tailerra jaio berri da Zarautzen. "Irakurtzea zein idaztea maite duten gazteen ezinegonak eta zaletasuna asetzeko" espazio kolektibo bat da, eta helburua "elkarrekin hausnartuz eta pentsatuz" sormenari bide ematea da, taldean. "Normalean jardun hauek oso modu indibidualean egiten eta lantzen ditugu". Paul Beitiak hartu ditu tailerraren dinamizazio lanak, eta proiektuaren nondik norakoak azaldu ditu.

Pentsatzea, hausnartzea, idaztea edo irakurtzea ariketa indibidual gisa irudikatu ohi dira. Uste hau irauli du Zarautzen sortu berri den idazle-tailerrak. Paul Beitiak (Zarautz, 1997) betetzen ditu tailerraren dinamizazio lanak, eta bere esanetan, proiektu honek "espazio bat eskaintzen dio literatura munduak zaletasuna, jakinmina edo ezinegona sentiarazten eta pizten dion orori. Ikasteko eta entzuteko gogoa duen edonorentzat ireki dugu". Tailer "irekia" da, eta literatura lantzen dute, irakurriz zein idatziz. "Espazio bat eskaini nahi izan diegu jada zaletuak direnei, irakurtzea eta idaztea gustatzen zaien gazteei, baina baita inguruan dabiltzan eta gustura egingo luketen horiei ere". Irakurzaletasunaren aldetik, elkarrekin irakurri, pentsatu eta hausnartuko dute, testu desberdinen inguruan. Idazketaren eta sorkuntzaren aldetik, "espazio eroso bat izango da edukiak sortzeko eta eduki horien inguruan hitz egiteko eta eztabaidatzeko".

Elkarrekin pentsatzeko eta sortzeko aukera

Irekia izateaz gain, idazle-tailerra espazio "eroso" bat izatea funtsezkotzat jo du Beitiak. "Idazteko eta sortzeko espazio eroso bat izan beharra daukala uste dut, eta baita sortutako horretaz eztabaidatzeko ere". Sortze prozesu kolektibo horretan, proposamenak egiten ahaleginduko dela ere nabarmendu du: "Proposamenak egin ditzaket sortutako edukiaren gainean, baina garrantzitsuena taldean hitz egitea izango da; guk sortutakoa taldean partekatzea eta elkarren sorkuntzaz elkarrekin hausnartzea". Beitiaren esanetan, tailerraren helburua "elkarrekin zerbait polita egitea" da; "elkarrekin hitz egitea, bakoitzak jakitea ondoko kideak ere zaletasun bera partekatzen duela, ondokoarekin hitz egin dezakeela sortutakoaz, edo gustoko testu bati buruz, edo dena delakoaz. Batez ere, hori da lortu nahi duguna".

Prozesu hori talde prozesu bat izango dela nabarmendu du Beitiak: "Ez da tailer bat non ni irakaslea naizen eta datozen gazteak ikasleak diren, eta guztia nigandik ikasiko duten. Ni ere gaztea izanik, planteatzen dudana espazio horretan guztiok elkarrekin ikastea da. Elkar entzunda, hitz eginda eta elkarrekin eztabaidatuta ikasteko espazio bat da". Horretarako, "nire funtzioa dinamizazio lanak betetzea dela ulertzen dut. Erraza ez den arren, taldeko beste kide bat izan nahi nuke. Gaiak proposatuko ditut, testuak, ariketak, baina talde espazio bat izatea lortu nahi nuke; espazio kolektibo bat, non taldean ikasiko dugun eta taldean erakutsiko dugun".

Norbanakotik kolektibora

Honelako espazio irekien garrantzia azpimarratu du Beitiak: "Gure kasuan, garrantzitsuena espazio hau existitzea dela uste dut, irakurtzea eta idaztea maite dutenen ezinegonak eta zaletasuna asetzeko". Izan ere, normalean jardun hauek oso modu indibidualean egiten eta lantzen direla uste du, eta gisa honetako tailerren agerpenak "elkarrekin pentsatzeko eta hausnartzeko aukera" eskaintzen dute, "askotan marginala izan daitekeen edo hezkuntza ofizial eta arautuan ase ezin daitekeen zaletasuna beste espazio batzuetan eta beste modu batera asetzeko".

Gainera, Beitiaren esanetan, "garrantzitsua da guztiontzat eskuragarri izatea bai irakurtzeko zaletasuna bai idazteko zaletasuna. Ez eskuragarri izatea soilik; guztion artean sustatu beharreko zerbait dela uste dut". Gaitasun eta jardun hauen bidez, "guztiontzat onuragarriak" diren "balio" batzuk lantzen direla azaldu du; "esate baterako, irakurtzeak gai batzuen inguruan hausnartzeko aukera ematen digu". Irakurtzea sustatzearekin, "kultura bat jartzen dugu guztion eskura, eta hausnarketa prozesuek ekarpen handia egin dezakete". Idazketak, bestalde, "beti laguntzen digu ideiak ordenatzen, gure buruarekin eta inguruarekin dugun harremana sendotzen", Beitiaren iritziz. Idazle-tailerraren bidez, gaitasun eta prozesu hauek taldean garatzeko eta lantzeko asmoa azaldu du Beitiak. Tailerrak oinarri hartzen duen filosofia kolektiboki pentsatzea eta sortzea da, beraz.

Beharretik ekintzara

Tailerra sortzeko ideia Yoseba Peña idazleari bururatu zitzaiola azaldu du Beitiak: "Herrian horrelako proiektu bat martxan jartzea funtsezkoa iruditzen zitzaion", eta beraz, Sanz Enearekin harremanetan jartzea erabaki zuen. Baiezkoa eman ziotenean, Beitiarengana jo zuen Peñak, eta berari "sekulako ideia" iruditu zitzaion. "Asko sinesten dut proiektu hauetan. Nik neuk, adin horrekin, gisa honetako espazio bat falta zitzaidala sentitzen nuen, literaturarekiko nire zaletasuna herrian partekatu ahal izateko". "Behar" horrekin oso identifikatua sentitu zen Beitia, "eta adin aldetik tailerrean parte hartuko zutenekin oso hurbil nagoenez, bertan nire ekarpena egiteko gai ikusi nuen nire burua. Ez dut uste asko dakien norbait naizenik, baina asko ikasteko eta aldi berean zertxobait emateko leku aproposa izan zitekeela pentsatu nuen".

Sanz Enea liburutegiko sotoan batzen dira idazle-tailerreko kideak, ostiraletan, bi astean behin. Oraingoz bi saio egin dituzte, eta azaroaren 23an eta abenduaren 14an jarri dituzte hurrengo bi hitzorduak. Bi orduz jarduten dute, 15:30etik 17:30era. Beitiak azaldu duenez, batez ere 14-18 urte bitarteko gazteei dago zuzenduta, "nahiz eta horrek ez duen esan nahi gazteagoak edo zaharragoak etorri ezin direnik; nahiko malgua da tailerra, inor ez dadin kanpoan geratu".

Azkenik, irakurtzeko zein idazteko zaletasuna dutenak tailerrera gonbidatu nahi izan ditu Beitiak, "eta baita hitzekin jolastea, bertsolaritza, kantatzea eta abar gustatzen zaien gazteak ere". "Hizkuntzarekin nolabaiteko lotura sentitzen duen edozein, edo besterik gabe entzutera etorri nahi duen edozein, tailerrera hurbiltzera animatuko nuke".