"Historiaren atzeko historia" kontatu du Yoseba Peñak (Sodupe, 1977), plazaratu berri duen 'Hariak' liburuan. Hiru pertsonaia nagusi hautatu ditu istorioaren haria eramateko: hiru emakume. Lehena gerra zibila baino pixka bat lehenago bizi izan zena, bestea Frankismo garaikoa eta hirugarrena, Frankismoaren amaiera eta demokraziaren hasiera bizi izan zituena. Hirurak familia eta molde berekoak dira, kementsuak, aurrez ezarritako hartatik ateratzeko borrokatzen dutenak.
Lehenengoa Irene da, Goierriko familia dirudun batekoa. Zarautzera ezkontzen da maitasunagatik, eta ordura arteko erosotasun materialak galtzen ditu. Bi alaba dauzka, eta haiek beste aukera batzuk izatea nahi du Irenek, kosta ala kosta. Ahalegin horretan, 30eko hamarkadaren hasieran Zarautzen zegoen gizartea islatzen da istorioan. Horretaz idazterakoan, Amagoia Gurrutxagaren Zarauzko Postalak lana hartu du oinarritzat Peñak. Gerra Zibilaren garaian Karlistak eta Jeltzaleak jardun ziren aurrez aurre Zarautzen, eta herritarren arteko liskarrak muturreraino nola heltzen ziren azaltzen da. Hori guztia emakumeen ikuspegitik kontatuta. "Gizonak frontera joan ziren, baina atzeko goardiakoa askoz gogorragoa izan zen", azaldu du Yosebak. "Janaria bilatu behar zen, soldaduek edozein gauza egin ziezazuketen, erantzunak eman behar zenituen ez zeudenean...". Peñak birramonagandik entzun zituen garai harteko istorio asko. "Gure etxean asko hitz egiten da historiaren inguruan, baina sufrimenduaren, gosearen ikuspegitik. Guduak eta horrelakoak ez ziren kontatzen".
Xexili da bigarren zatiko protagonista. Gerraren amaieran jaioa, familia Karlista batean hazia eta hezia, gerra irabazlea, beraz, "apolitikoa". Jeltzaleen baserri batera ezkondu eta esnatze moduko bat izaten du, bere senarra ikurrinak ipintzen ibiltzen dela jakitean. Benetako esnatzea, ordea, Xexiliren ahizparena da. Lanean hasten da lehenengo, eta Parisko Sorbona unibertsitatera joaten da ikastera aurrerago. Horrek, bien arteko harremanean tira-bira asko eragiten ditu.
Frankismoaren ondorenean
Hirugarren zatiko protagonista, berriz, Xexiliren alaba da: Olatz. Olatzen mutila "saltsa handian" sartuta dago. Hasiera batean, panfletoak banatzen laguntzen dio Olatzek, baina kontua gehixeago korapilatzen da. Jon Paredes Txiki fusilatu baino apur bat lehenago, Zarauzko Guardia Zibilaren Kuarteleko nagusia akabatu zuten, eta horretarako informazioa eman zuen Olatzen mutilak. Gertaera erreal bat hartu eta bere fikzioa txertatu du Peñak liburuaren atal honetan. Horren ostean, Olatz atxilotzen dute, Iparraldera ihesi joaten da, eta Franko hil ostean, Sodupera joaten da. Idazleak bere jaioterriko zenbait trapu zikin kontatzen ditu, haietako asko, EAJren ingurukoak. Sodupen irakasle lanetan aritzen da Olatz, eta une batetik aurrera berriro ere Iparraldera ihesean joaten da, ETAko militante batzuei laguntzen aritzeagatik. Erakundearen barruan egotea emakume eta ama den pertsonaiak nola bizi izan zuen azaltzen du Peñak.
Belaunaldien arteko jokoa eta aldea agerian utzi nahi izan ditu Zarauzko idazleak. Horretarako, ahalegin berezia egin du elkarrizketetan erabilitako euskara motarekin. "Garai bakoitzean euskarari bere kolorea ematen saiatu naiz". Elkarrizketak ere egin ditu Peñak liburua idazterakoan behar izan duen informazio guztia biltzeko. Zarauzko jendearekin eta ETAn ibilitako jendearekin bildu da besteak beste, ia guztiak, emakumeak.
Durangoko Azokan, Susaren postuan izango da Peña. Aurkezpena abenduaren 7an, ostiralean, egingo du, 17:00etatik aurrera.