Garaguneak ateak ireki dizkio inklusioari

Dorleta Agiriano Lai 2018ko aza. 9a, 09:00

Uztailean ireki zituzten Zarauzko Garaguneko ateak. Maite Juaristi bertako arduradunaren esanetan, «hitzak berak esaten duen bezala, garatzeko gune bat da Garagunea». Adimen urritasuna duten pertsonei zuzendutako eguneko zentro bat da, eta jada 13 daude martxan Gipuzkoan: Irunen, Oreretan, Donostian, Ibarran, Ordizian, Azpeitian, Arrasaten, Eibarren, Legazpin eta orain, Zarautzen. Bost ardatz ditu proiektuak: bertaratzen diren pertsonen independentzia, integrazio sozial eta komunitarioa, autonomia, osasuna eta segurtasuna, eta harremanak.

Zuberoa kalean dago Zarauzko lokala, 6. zenbakian, eta Txolarte aisialdi taldearekin partekatzen dute; Garaguneko kideek aste barruan erabiltzen dute, eta Txolartekoek, asteburuetan. Atzo izan zen inaugurazio festa, eta ordezkari ugari bertaratu ziren: zentroko erabiltzaileak, arreta eskaintzen dieten pertsonak, gurasoak, Goyeneche Fundazioa, Gureak, Zarauzko Udala, Gipuzkoako Aldundia eta abar.

«Zarautzen parte izan nahi dugu»

Juaristik azaldu zuenez, «hasiera-hasieratik, Zarauzko herriak ikaragarrizko ongi etorria egin zigun. Lehenengo unetik, bai bizilagunak, bai dendariak, tabernariak eta abar guregana hurbildu ziren, hemen egiten dugun lana ezagutzeko. Guretzat oso hasiera erraza izan zen». Zuberoa kaleko lokala elkargune bat dela azaldu zuen; «hemen elkartzen gara goizetan eta ekintzak burutzen ditugu, baina gure helburua ekintza horiek gizarteratzea da, pertsona bakoitzaren gaitasunak garatzeko».

Elkarte desberdinetako kideekin harremanak eraikitzen ari dira pixkanaka; Nagusilan, Udaberri jubilatu elkartea eta abar. «Zarautzen parte izan nahi dugu, hor egon nahi dugu une garrantzitsuetan, eta bide horretan goaz; Zarautz inklusiboago bat lortzeko bidea ari gara egiten, elkarlanean, elkarteekin, udalarekin eta herritar guztiekin». «Oso pozik gaude», gehitu zuen.

Garaguneko erabiltzaile baten amak ere hitza hartu zuen atzoko inaugurazio ekitaldian, Ana Marik. «Pribilegiatuak gara Gipuzkoan. Ahulgune eta indarguneekin noski, baina duela 50 urtetik, bidea oso irekia izan dugu: patronatoaren eskolak, Atzegi, Gureaken tailerrak, Txolarte, pisuak eta abar». Dena den, gabeziak ere bazirela eta badirela adierazi zuen: «Garagune bezalako zentroen beharra bazegoen, prozesu osoaren jarraikortasun bat bermatu ahal izateko. Izan ere, gurasoak zahartu egin gara, eta baita garai bateko haurrak ere». Gisa honetako zentroak, beraz, «arnasgune» bat dira Ana Mariren ustez. Zarautzen Garagune bat irekiko zela jakitean, berria poz handiz hartu zuela azaldu zuen: «Gure alaba zoriontsu etortzen da».

Egunerokotasunean ohikoenak diruditen jarduerak ere, gurasoekin egin beharrean, Garagunetik egitea sekulako ekarpena dela uste du Ana Marik. «Gu nagusiak gara, eta gure alabarentzat ez da berdina gurekin edo Garaguneko kideekin kalera atera eta paseatzea. Gurekin, pertsona nagusiekin, irteten bada, nolabait integratua egon daiteke, baina gurekin ibiltzea ez da bere mundua; bere mundua irekia da». Azaldu zuenez, «Garagunean antolatzen dituzten ekintzetan, elkarrekin ateratzen dira kalera, merkatura, parkera. Herriak beraiek ezagutzen ditu, eta beraiek herria ezagutzen dute».

Juan Rivera Goyeneche Fundazioko lehendakariak azaldu zuen Garagune «garapen pertsonalerako» zentro bat dela; «hona datozen pertsona guztien gaitasunak garatzea da asmoa». «Uste dut Zarauzko Garagune hau, Gipuzkoako gainontzekoak bezala, baliagarria izango dela hona datozen neska-mutilek senti dezaten egunean zehar bizitza bat dutela, bizitza bizi bat». Zentro hauetan jarduera eta ekintza anitzak antolatzen dituztela azpimarratu zuen, bertaratzen direnek «aukeraz betetako bizitza emankorrak izan ditzaten». «Hona etortzen den pertsona bakoitza da gure ekintzen erdigunea», izan ere, pertsona bakoitzari egokitutako plangintzak osatzen dituzte.

Riveraren esanetan, zentro hauetako jardunaren bidez lortu nahi den emaitza bertaratzen diren pertsonen nahi eta beharrak asetzea da: «erabiltzaileek jendeak errespetuz tratatzen nau sentitzea, egunerokotasuneko ekintzetan parte hartzen dut pentsatzea, lagunak ditut sentitzea, harremantzen naiz pentsatzea». Zarautzen zegoen «hutsune» bat beteko du Garaguneak, Riveraren ustez.

Lokala oso egokia dela iritzi arren, Riveraren arabera, «garrantzitsuena ez da espazioa, garapen pertsonalerako eta sozialerako egiten den lana baizik. Adimen urritasuna duten pertsonek komunitatean duten parte hartzea lantzen dute, eta baita oinarri honetatik abiatutako integrazio soziala ere».

Puzzle bat

Iñaki Alkorta Gureakeko lehendakariaren aburuz, «gure historia puzzle batena bezala da. Puzzle hau oso dinamika interesgarrian dago murgilduta. Guraso eta senideen eskutik hasi zuen ibilbidea, izan ere, beraiek dira arazo edo behar hau etxean pairatzen edo gozatzen dutenak. Hau da puzzle honen historiaren motorra. Milaka iniziatiba abiatu zituzten; eskolak, tailerrak, pisuak, zentroak, baina beti senideen eskutik». Alkortak gehitu zuen atsegin duela bilakaera hau pieza anitzek osatutako puzzle gisa irudikatzea, izan ere, «puzzle honek badu eragin biderkatzaile bat».

Xabier Txurruka Zarauzko alkateak eskerrak eman zizkien Zarauzko gurasoei. «Lortu duzue Garagune hau martxan jartzea. Aspalditik amestutako behar bat zela badakigu». Etorkizunerako ere arlo honetan erronkak dituztela nabarmendu zuen, «zerbitzuak zabaltzen joan behar dugu, integrazioaren bidean. Adimen urritasuna duten pertsonek behar dituzte zerbitzuak; behar propioak dituzte, eta guztiok Zarautz berdin bizi eta gozatu dezagun, aukerak sortu behar ditugu». Maite Peña Gipuzkoako Aldundiko ordezkariak azpimarratu zuenez, «funtsezkoa da instituzioen eta hirugarren sektorearen arteko elkarlana».