Herrian izango da gaur Adin Simulagailua

Zarauzko Hitza 2018ko aza. 8a, 13:49

Fisikoki 80 urteko pertsona batek sentitzen duena bizitzeko aukera izango da gaur Lege Zaharren Enparantzan, Gert simulagailuaren bidez.

Ikusmen arazo desberdinak, entzumenaren murrizketa, oreka galtzea, artikulazioetako mugikortasuna gutxitzea... Horiek guztiak sentitzeko jantzi berezi bat probatu ahal izango da gaur, Lege Zaharren Enparantzan.

Foru Aldundiak martxan jarritako Adinberri estrategiaren barruan, gizartea sentsibilizatzeko #FutureNi kanpainari ekin diote, Gipuzkoako herri desberdinetan Gert simulagailua probatzeko aukera emanaz. Herri desberdinetan izan ondoren, Zarautzen izango dira gaur, 19:00ak arte. Maite Peña Gizarte Politikako Foru diputatuak azaldu duenez, Gipuzkoako gizartearen zahartzeari erantzuteko estrategia integral bat da Adinberri. Adin simulagailua herriz herri eramateaz gain, Pasaian, 125 plaza izango dituen egoitza bat martxan jarriko dute. Apartamentu tutelatuak eta Eguneko Zentroa ere izango ditu. Era berean, "Gipuzkoako potentzial ekonomikoa bultzatu nahian", innobaziorako gune bat sortuko dute Pasaian bertan.

Peñaz gain, Xabier Txurruka alkatea eta Miren Letamendia Hirugarren Adinaren Saileko zinegotzia ere izan dira kanpainaren aurkezpenean. Alkateak azpimarratu du garrantzitsua dela "konturatzea zein nolako zailtasunak dauzkaten gure inguruko adinekoek" eta "denon erronka" dela, zahartzaroan bizi kalitate duina lortzea.

Irudietan ikus daitekeen bezala, Txurrukak Gert simulagailuko zenbait zati probatu ditu, eta herritarrak.