Euskaraldia

Euskaraldia: Belarriprestentzako gomendioak

Zarauzko Hitza 2018ko aza. 10a, 09:30

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra izango da Euskaraldia. Belarriprest rola hartzen duenak, berari euskaraz egiteko eskatuko die denei. Hona hemen Belarriprestei zuzendutako hamar gomendio.

  • Ohiturak aldatuko ditugu. Posible da. Ariketa taldean egingo dugu. Ez zara bakarrik egongo.
  • Ikurra eta hitza. Erakutsi zure hautua. 11 egunez txapa agerian eraman eta lehen hitza euskaraz egitera anima zaitez.
  • Aztertu zure ohiturak eta ekin euskarari. Aztertu nork eta zertarako erabiltzen duen euskara zurekin. Proposatu bide berriak zabaltzea euskarari.
  • Zailtasunen aurrean ez etsi. Gonbidatu solaskideak euskaraz egitera. Saiatzea merezi du.
  • Baztertu aurreiritziak eta eutsi erabakiari. Aztertu nola gainditu zure eta ingurukoen aurreiritziak. Euskara ezustekoz beterik dago.
  • Adostu ariketa ingurukoekin. Hurbilekoekin hasi eta ekin inertziak apurtzeari. Gonbidatu lagunak ariketan parte hartzera.
  • Belarriprest jokaera aktiboa da. Adierazi solaskideei euskara jaso nahi duzula eta, zeuk ere, nahi beste erabili.
  • Elkartrukatu esperientziak beste parte hartzaileekin. Jaso zure bizipenak eta partekatu gainontzeko belarriprest eta ahobiziekin.
  • Elkarrizketa elebidunetan eskatu euskara. Egoera bakoitzean zuk ahal eta nahi duzun hizkuntza erabili, baina eskatu euskaldunei zuri euskaraz egiteko.
  • Zure euskara da euskararik onena. Belarriprest zara, praktikatu euskara ahal eta nahi duzun guztietan.