"Zein da eztabaida honen funtsa? Dirurik ez dagoela edo ongizate gizartea aldatu nahi dutela?"

Zarauzko Hitza 2018ko aza. 12a, 13:12
Urrian Zarauzko pentsiodunek eta jubilatuek burututako mobilizazioa. (Dorleta Agiriano Lai)

Astelehenero bezala, Zarauzko pentsiodunek eta jubilatuek mobilizazioa egin dute eguerdian. Azaroaren 22rako eztabaida irekia deitu dute, Udaberriko hitzaldi aretoan, 10:30ean. Abenduaren 15ean, berriz, mobilizazioak izango dira Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Hona hemen gaurko elkarretaratzean irakurri duten komunikatua eta plataformak egin dituen hurrengo deialdiak.

Zarauzko Pentsiodun eta Jubilatuen Plataforma: Irakurketa, azaroak 12

"Egun on denoi!

Ongi etorriak beste behin ere astelehenetako elkarretaratze honetara.

Berriro gogorarazten dizuegu abenduaren 15ean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan manifestazioak egingo ditugula. Entzun egin beharko gaituzte beste behin ere, beraien planak porrot egin arte.

Pentsioei buruz hitz egiterakoan asko dago esateko....

Airean geratzen dira oraindik galdera pila. Zer gertatu da orain, bat-batean, Pentsio Publikoen Planak arriskuan daudela adierazteko? Eta nola da posible pentsio plan pribatuak defendatzea beraien arriskua askoz handiagoa dela jakinik?

Nola ekidingo da Pentsio Publikoen porrota Iraunkortasun Faktorearen bitartez murrizten badira, honek 15 urtean %40eko galera suposatzen duela kontutan hartuta? Zergatik ahalegintzen dira hainbeste Nazioarteko Diru Funtsa eta Batzorde Europarra pentsioak jaitsi egin behar direla esaten?

Zein da eztabaida honen arrazoizko funtsa? Dirua ez dagoela edo gure ongizate gizartea aldatzeko planen bat dagoela?

2008. urteaz geroztik gure bizimoduan aldaketa handiak ari dira gertatzen. Zer ari da gertatzen? Zeren bila dabil zenbait klase politiko? Etorkizuneko belaunaldiak ba al dute itxaropenik? Lana, estalpea eta pentsioak? Alargunen aldeko eta pentsio duinen aldeko borroka hau ba al dugu irabazterik? Eta 1080 eurokoa eta KPAIrenak? Egiten ari garen sakrifizioak bere fruituak emango al ditu?

Galdera guzti hauei erantzuteko, Udaberriko hitzaldi aretoa erreserbatu dugu datorren ostegunerako, azaroak 22, 10:30etik 13:00etara arte.

Emango den informazioa ez da prentsan eta telebistetan eskaintzen dena izango. Elkarrizketa, iritziak eta galderak edozeinek eraman ditzake, baita arazo hauen inguruan hausnartu ere.

Guztiak gonbidatuta zaudete, aulkiak eta berogailua izango dira. Une atsegin bat pasatzeko aukera izango dugu. Ez galdu hitzaldi-elkarrizketa hau.

Beti bezala, datorren astelehenean ere elkartuko gara, plaza honetan 12:00etan. Zuen zain gaude".