Urra txapeldun, Harri Txikien Euskadiko Txapelketan

Zarauzko Hitza 2018ko aza. 12a, 15:43
Mikel Lopetegi 'Urra', Zarauzko Bi Harri txapelketan. (Amaia Urbieta Arruti)

Mikel Lopetegi Urrak Aimar Irigoienek proba honetan 2009an ezarritako marka gainditu du, 150 kiloko aldearekin.

Laukizen jokatu zuten atzo Harri Txikien Euskadiko harri-jasotzaile Txapelketa. Aimar Irigoien errezildarrak irabazi du Txapelketa azken bederatzi urteetan, baina ezin izan zuen atzo hamargarren txapela lortu, Mikel Lopetegi Urra zarauztarra gailendu baitzen.

Lau harri ezberdin altxatu behar izan zituzten parte hartzaileek atzoko proban: 125 kiloko koadroa edo laukizuzena, 125 kiloko zilindro-kopa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola. Harri guztien altxaldiak batuta, 115 altxaldi egin zituen Urrak atzokoan; guztira, 13.512,5 kilo altxatu zituen. Aimar Irigoienek 2009an ezarritako marka 150 kilorekin hobetu zuen, beraz. Bigarren izan zen atzokoan errezildarra, 12.725 kilo altxatuta. Hodei Iruretagoiena Izeta V.ak, berriz, laugarren egin zuen, 10.900 kilo altxatuta.