Zaporeak proiektuak 2016. urtean hasi zuen bere jarduna, Greziako Chios irlan hasieran, eta gero, Atenaseko Victoria Social Centerren. Proiektuarekin bat egin duten boluntarioen lana errefuxiatuei jaten ematea da, eta gutxi gorabehera, egunean 1.000 pertsonarentzat sukaldatzen dute. Bi urte hauetan, 70.000 otordu inguru eskaini dituzte, eta hauek prestatzeko 400 boluntario baino gehiagok hartu du parte. Gaur egun, Grezian jarduteaz gain, Etiopian ere abiatu dituzte proiektuak.
Zaporeak taldeak Euskal Herri mailako arropa bilketa antolatu du azaroaren 17rako, larunbata, Jantzi negua lemapean. Hotz Zarautzen eskutik, Zarautzen ere izango da arropa bilketa, dinamika nazionala hauspotzeko asmoz. Bildutako arropa Greziako Lesbos eta Chios irletan dauden Attika eta Feox elkarteetara bidaliko dute, bertan dauden pertsona errefuxiatuen artean banatzeko. Batez ere, egoera egokian dagoen neguko arropa eta barruko edo azpiko arropa berria jasoko dute asteburuan.
Hona hemen Zarauzko arropa bilketaren deialdiak:
- Azaroak 16, ostirala. 16:00-20:00, Maza denda izandakoan (Kale Nagusia, 30)
- Azaroak 17, larunbata. 10:00-20:00, Maza denda izandakoan (Kale nagusia, 30)