Aritzbatalde kiroldegiko haur igeriketa ikastaroen bigarren hiruhilabeterako izen-ematea irekiko dute datorren astean. Azaroaren 19tik abenduaren 14ra eman ahalko da izena, igeriketa ikastaroetako 1. mailan (Dordoka) eta 2. mailan (Karramarro).
Ikastaroetako plazak mugatuak direnez, izena ematen dutenen artean zozketa egingo dute. Lehenengo hiruhilabeterako inskripzioa egin eta plaza lortu ez zuten haurren kasuan, bigarren hiruhilabeterako ere izena eman dezakete, eta lehentasuna izango dute zozketan.
Abenduaren 19an argitaratuko dituzte emaitzak, eta informazio gehiago behar izanez gero, 943 005 123 zenbakira deitu dezakete interesa dutenek, edo bestela, kirola@zarautz.eus helbidera mezu bat bidaltzeko aukera ere badute.