Mintzalagun programa abian da

Zarauzko Hitza 2018ko aza. 13a, 16:00

22 talde osatu dituzte aurten; astean behin, 82 mintzalagun elkartzen dira euskara praktikatzeko. Zumaian izango da ikasturteari hasiera emateko ekitaldia, azaroaren 15ean, eta Bakean dagoenari bakean utzi antzezlana eskainiko dute Mirari Martiarenak eta Idoia Torregaraik.

Urola Kostako Udal Elkarteak Mintzalagun programa abiatu du aurten ere, hamargarren urtez jarraian. Praktikatu eta bizi izango da 2018-2019 ikasturteko leloa, eta ohiko dinamika mantenduko dute: astean behin, ordubetez euskaraz aritzeko elkartuko dira mintzalagunak. Proiektu honetan, euskaraz dakiten pertsonak (bidelagunak, euskaldun zaharrak) euskara ikasten ari direnekin (bidelariekin, euskaldun berriekin) biltzen dira. 22 talde osatu dituzte aurten eskualdean; 4 Zumaian, 3 Orion eta 15 Zarautzen. Honela, guztira, 82 pertsonak hartuko dute parte programan.

Ikasturte berriari hasiera emateko ekitaldia Zumaiako Alondegian izango da, azaroaren 15ean, 18:30ean. Ekitaldian Bakean dagoenari bakean utzi antzezlana ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek, Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai umoregileen eskutik.

Hona hemen antzezlanaren sinopsia: "Euskara eta generoa binomioa gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da. "Euskalduntze" kontzeptua protagonismo horren adierazle garbia da. Erlazio horren garrantziaz jabetuta daude gure bi protagonistak eta bikote horri hirugarren erpin bat gehitu nahi izan diote: umorea. Bakean dagoenari bakean utzi ikuskizuna elkarrekin lotzen diren elkarrizketek osatzen dute. Bertan, euskarari eta generoari buruzko hainbat kontu aletzen dituztelarik, betaurreko moreak jantzita: euskalkiak, amatasuna, onomatopeiak, gorpuzkerak, euskarakadak... Bakean dagoena bakean uzteko ez daude prest!".

Oraindik izena eman nahi dutenek edo argibideak behar dituztenek, honako telefono eta helbideetara jo dezakete: