Alan Roy King (Lancashire, 1954) hizkuntza txikietan aditua da eta 40 urte daramatza Euskal Herrian. Euskara eta El Salvadorreko nauatera bezalako hizkuntzak ikertu ditu; azken honek 200 hiztun inguru ditu. Hamar hizkuntza inguru ikasi ondoren, King hizkuntzalariak fikziozko hizkuntzekin amestu izan duela dio.
Zenbat hizkuntza hitz egiten dituzu?
Ez dakit, benetan. Askotan egiten den galdera da. Ni beti ibiltzen naiz hizkuntzen saltsan, baina kontua da hizkuntza bat jakitea zer den definitzea. Komunikatzeko gai sei-zortzi hizkuntzekin naiz: ingelesa, galesa, frantsesa, euskara, gaztelania, katalana, galegoa eta nauatera.
Nola ikasi dituzu?
Batzuk eskolan eta beste batzuk nire kabuz, liburuetatik. Batzuetan herrira bertara joan naiz ikastera. Erabiliz ikasi ditut beti.
Ezberdin pentsatzen al duzu hizkuntza bakoitzean?
Neurri batean bai, ideiak formulatzerakoan. Ideia orokor bat hitzetan jartzeko gehiago zehaztu behar duzu. Hizkuntzak behartzen zaitu zehaztera. Hizkuntza bakoitzak bere aukerak ditu, eta horien artean aukeratu behar duzu.
Horrez gain, maila sozialean ezberdina da. Ingelesez asko zaindu behar dira thank you eta sorry bezalako adierazpenak, euskaraz ez hainbeste. Arau horiek hor daude, eta konturatu gabe egokitu egiten gara, esaten duzuna eta horren atzeko pentsamendua pixka bat ezberdina da.
Hizkuntzak kulturaren berri eman dezakeela uste duzu?
Hizkuntza batek kultura islatzen du. Kultura era ezberdinetan ager daiteke: arkitektura, artea, ohiturak eta abar. Funtsean, kultura pertsonen arteko harremanetan ageri da, eta hori hizkuntzaren bidez adierazten da. Lehen aipatu dut thank you adierazpenaren garrantzia ingelesean; hori kulturaren parte da, eta baita hizkuntzaren parte ere.
Beste hizkuntza baten adibideren bat aipatuko zenuke?
Esaterako, hawaiierazko aloha hitza. Esanahi asko ditu, maitasun kontzeptua kulturala delako. Funtsezko esanahia maitasuna da, baina agurtzeko eta enpatia adierazteko balio du. Lagunei zerbait txarra gertatzean, aloha sentitzen duzu.
Honekin lotuta, shalom hitza gogoko dut, hebraieraz bakea esan nahi du. Aloharekin bezala, shalomek ez du soilik bakea adierazteko balio. Agur bezala erabiltzen da, eta baita osasuna eta ongizatea desiatzeko ere.
Azkenik, bizitza adierazteko nemiliztli hitza aukeratuko nuke. Mexikoko nauatera klasikoko hitza da. Oso interesgarria da, izan ere, El Salvadorreko nauateraren ahaidea da hizkuntza hau, baina El Slavadorreko hizkuntzak ez du hitzik bizitza esateko. Hori da harrigarria, nauat hizkuntzan ez dago ideia abstraktuak adierazteko ia hitzik. Honek ez du esan nahi kultura atzeratua denik; gauzak esateko beste modu batzuk bilatu behar direla baizik.
Nola ikusten duzu zure burua? Arkeologoa ala hilzorian dauden hizkuntzen medikua?
Mediku bat bezala ikusten naiz. Ez da beti horrela izaten. Hizkuntza hauek gaixorik daude, haien etorkizuna ez dagoelako bermatuta. Hori zuzendu egin behar da hizkuntzak berreskuratzeko. Arkeologoaren analogia egokia da; hizkuntzalari batzuek lehentasuna hizkuntza bati buruz ahal dugun guztia ikasteari ematen diote, hizkuntza hori hiltzean, erregistratua egon dadin. Baina horrek ez dio irtenbide bat eskaintzen hizkuntza minoritario baten hiztun bati; horretarako, medikuak behar dira.
Hizkuntzaren bat hiltzen ikusi al duzu?
Esan daiteke nauata hiltzen ari dela, baina baita euskara ere. Jendeak harriduraz begiratzen dit hau esatean, baina iparralden hiltzen ari da, Nafarroako eremu batzuetan bezala. Hiztun bakarra geratu arte itxaron behar dugu hizkuntza bat hiltzen ari dela esateko? Ez, osasun txarra duenean jarri behar dugu arreta.
Hiztunak haien hizkuntza hiltzen ari dela ohartzea momentu gakoa da. Ezin da arazo bat konpondu ikusten ez denean, kontzientzia behar da. Duela urte batzuk euskaldunak ohartu ziren egoera honetaz, eta berreskurapen prozesu bat hasi zuten. Gaur egungo belaunaldiak berreskurapen prozesu horretan jaio dira, eta uste dute euskara egoera onean dagoela, baina oraindik gaixo dago. Berreskurapen prozesu hau anestesia gisa ari da lan egiten, jada ez da arazoa ikusten, baina hor dago eta oraindik lan handia egin behar da. Euskara ez dago salbu.
Azalduko zenuke Ertamerikako zure esperientzia?
El Salvadorren izan nintzen, Euskal Herriaren tamainako lurralde batean. Espainiarrak joan aurretik etnia ezberdinak bizi ziren bertan, eta hizkuntza ezberdinak zituzten. Gaur egun gazteleraz hitz egiten dute. Nauata oraindik han dago, baina hilzorian dago. Dakitenek ere ez dute erabiltzen. Hori da hizkuntza minoritarioen arazoa; batetik, jendeak ikasi egin behar du, baina bestetik, erabili egin behar dute. Oso egoera txarrean dago, eta ez zen ezer egiten hizkuntza berreskuratzeko. Hemen lan gehiago egiten da euskararen alde.
Zer iruditzen zaizu Nafarroako euskararen eremuen sistema?
Oso sistema txarra da. Tranpa bat. Eremu guztietan gaztelania dago, eta beraz, ez dago orekarik. Eremu euskalduna euskara soilik hitz egiten den eremua izango litzateke, baina izenak gaizki jarrita daude, kontzeptuak nahastuta. Engainatzeko egin dute horrela.
Oraindik ez dakigu zein den euskara babesteko gakoa, baina konparazioak egin ditzakegu. Nafarroako sistemari erreparatuz gero, argi dago ez direla garbi jokatzen ari. EAEn euskara hobeto babesten da.
Espainiarrak hizkuntzetan traketsak direla esan ohi da. Egia al da?
Nik uste dut egia dela. Espainiarrek zailtasunak dituzte beste hizkuntzekin, eta arrazoiak bilatu daitezke. 40 urtez frankismoa egon da indarrean. Trantsizioari La entrada de España en Europa esaten zitzaion eta nik barre egiten nuen, baina kontzeptua barneratua zuten espainiarrek. Kanpoan zeudela ulertzen zuten, hainbeste urtez munduari bizkarra emanda bizi ondoren.
Zein iritzi duzu lanak bikoizteari buruz?
El Salvadorren nengoenenean, jatorrizko bertsioak ematen zituzten aretoak beteta ikusteak asko harritu ninduen. Espainian, berriz, bikoiztutako filmak nahiago dituzte. Arraroa da, herrialde txiroagoa da eta hezkuntza eskasagoa dute. Espainian bikoizketa ez zaigu txarra iruditzen, eta ez da hemengo bikoizketak hobeak direlako; hori gezurra da, kontua da horretara ohituta dagoela jendea.
Gaztelan nengoenean, egunero ardo txar bat gaseosarekin edaten zuen gizon bat ezagutu nuen. Gabonetan ere, familiak erreserba ardoa erosi arren, ardo txarra nahiago izaten zuten. Bikoizketekin berdina gertatzen da; ohitura txar bat da. Etengabeko katea da; espainiarrak ez dute beste hizkuntza batzuk entzuteko ohiturarik, eta beraz, zailagoa da ikastea. Horregatik ez dute onartzen kataluniarrek eta euskaldunek haien hizkuntzetan hitz egitea. Hori pobrezia da.
Posible al da hizkuntza aniztasuna, edo izaki elebakar bihurtuko gara?
Unibertsitateetan hizkuntzak ikasi dituzte tradizioz, eta unibertsitate elabakarra proposatzea atzerapauso bat izango litzateke. Ez dut uste posible denik, eta edozein kasutan, oso tristea izango litzateke. Zer gertatuko litzateke zuhaitz mota bakarra geratuko balitz munduan? Edo animalia, estatu, gobernu bakarra geratuko balitz? Hizkuntza gizakiaren funtsezko dimentsio bat da. Hizkuntzak egin egiten gaitu, eta denok hizkuntza bera izango bagenu, aniztasuna galduko genuke. Zenbat herrik galduko lukete beren nortasuna? Hondamendi bat litzateke, desagertze bat.
Hizkuntza minoritarioak gutxiesten dituztenei zer esango zenieke?
Bi argudio nagusi erabili daitezke hizkuntza txikien alde egiteko. Batetik, hizkuntza bat hiltzean mundu bat hiltzen dela, eta ondorioz, denok ateratzen gara galtzaile, animalia mota bat desagertzen denean bezala.
Bigarren argudioa, nire ustez garrantzitsuena, hiztunen lekuan jartzea da. Euskara galduko balitz tragedia bat izango litzateke, baina kalte handiena euskaldunek jasango lukete. Hizkuntza bat galtzea ia herri bat galtzea da. Ingalaterra zer izango litzateke ingelesik gabe? Lehenengo argudioak mundu guztiari zabaltzen dio arazoa, baina bigarrena indartsuagoa da. Hizkuntza bat ez galtzeko borrokatu behar bada, mundu guztiak ez du borrokatuko, baina agian euskaldunek borrokatuko dute euskararen alde.
Herri bakoitzak borrokatu behar badu bere hizkuntzaren alde, urrutiko hizkuntza bat galtzeak nola eragingo die besteei?
Zuri agian ez zaizu axola, baina hango hiztunei bai. Haien nortasuna mantentzea eskubide bat da, eta ez da herrialde handi baten eskubidea baina gutxiago. Giza eskubideez ari gara, eta tamainak ez du garrantzirik nortasunaren defentsan.