Ospakizunak eta hitzaldiak Haurtzaroaren Nazioarteko Egunaren harira

Zarauzko Hitza 2018ko aza. 15a, 16:30
Tailerrak, puzgarriak eta kalejira izango dira igandean. (Zarauzko Hitza)

Tailerrak, puzgarriak eta kalejira izango dira igandean, alde zaharrean. Datorren asterako hitzaldiak ere antolatu dituzte, adimen emozionalari eta sexu abusuei buruz. Hona hemen egitaraua osorik.

Azaroaren 20an izango da Haurtzaroaren Nazioarteko Eguna. Horren harira, Zarauzko Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailak goiz osoko egitaraua antolatu du azaroaren 18rako, igandea, eta bi hitzaldi ere eskainiko dituzte datorren astean.

Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak 1959ko azaroaren 20an onartu zuen Haurren Eskubideen Aldarrikapena, haurren eskubide unibertsalak finkatuz. 30 urte beranduago, Haurren eskubideei buruzko hitzarmena sinatu zuten.

Zarauzko Gizarte Zerbitzuen sailaren eskutik, iaz ospatu zen lehenengo aldiz Haurtzaroaren Nazioarteko Eguna Zarautzen, jai giroan. Sail honetan "haur eta gazteen ongizatean espezializatua" dagoen gizarte langile bat badela azaldu du Gloria Vazquez Parekidetasun eta Ingurumen zinegotziak, "alor hori lantzen dela bermatzeko".

Goiz osoko egitaraua

Aurten ere, Haurtzaroaren Nazioarteko Egunaren harira, ekintza desberdinak izango dira asteburuan. Azaroaren 18rako, igandea, goiz osoko egitaraua prestatu dute; "jai giroan ospatu nahi dugu Haurtzaroaren Nazioarteko Eguna, haur eta familiekin".

11:00etatik 13:00etara, birziklatutako jostailuak sortzeko tailer praktikoak eskainiko dituzte Lege Zaharren enparantzan, eta egurrez egindako jokuetan oinaritutako famili aisialdirako aukera ere izango da. Vazquezen esanetan, helburua "haurrek eguna ondo pasatzea eta familian ospatzea" da. Bestalde, puzgarriak ere jarriko dituzte plazan, ordu berean.

Aisialdiaz gain, hitzaldiak

Asteburuko ospakizunez gain, hausnarketari bide emateko bi hitzaldi izango dira datorren astean. Azaroaren 20an, asteartea,  pertsona helduei zuzendutako Hurbiletik maitatua, urrutira heltzeko hitzaldia eskainiko du Aritz Anasagasti psikologoak. Adimen emozionalean aditua da Anasagasti, eta hitzaldiaren bidez, "familiei hainbat pauta ematen" saiatuko da, "seme-alabak adimen emozionalean hezten laguntzeko". Anasagastik bi saio eskainiko ditu asteartean, Antoniano aretoan; 17:00etan euskaraz, eta 19:00etan gazteleraz.

Horretaz gain, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunaren harira antolatutako egitarauaren barruan, Ikusi nahi ez duten begiak hitzaldia emango du Jose I. Alonso Save The Children elkarteko kideak, haurrenganako sexu abusuei buruz. Azaroaren 22an, osteguna, izango da saioa, 18:30ean Antoniano aretoan. Gazteleraz izango da.

Bestalde, Vazquezek jakinarazi du ikastetxeetan Haurra hezitzeko dekalogoa banatu dutela, eskuorri formatuan. Gurasoei zein gurasoei zuzendutako baliabide bat da, haurrak hezteko gomendioekin.