28 urte daramatza Iosu Isastik Musika Bandako zuzendari lanetan. Gaur egun, 43 kide inguruk osatzen dute taldea, eta kontzertua eskainiko dute guztiek igandean, Merkatu Plazako lehen solairuan, 12:30etik aurrera.
Isastik azaldu duenez, bandako kideak joan eta etorri egiten dira. Gazteenek 15 urte inguru dituzte, eta zaharragoak ere badiren arren, gehientsuenak 25 urte ingurukoak dira. Harreman zuzena daukate Musika Eskolarekin, eta hala, instrumentuak ikasten dabiltzan gaztetxo askok Musika Bandan sartzeko aukera izaten dute.
Urtean zehar kontzertu jakin batzuk ematen dituzte, eta horietako bat da Santa Zezilia egunekoa. "Mota guztietako abestiak" jotzen ahalegintzen direla esan du zuzendariak. "Azkenean, oso antzekoak diren bizpahiru abesti jarraian entzutea oso aspergarria gerta daiteke". Prest dute dagoeneko igandeko kontzertuan joko dituzten abestien zerrenda:
- Eder, Euskal Eresia (Aitor Garmendia, Tomas Araguesek moldatua)
- An American in Paris (George Gershwin)
- Finlandia (Jean Sibelius-Frank Winterbottomek moldatua)
- Gershwin (George Gershwin-Warren Barkerrek moldatua)
- Aires Vascos Nº2 (Jesus Franco)
Merkatu Plaza
Azken urteetan Merkatu Plazan eman izan ditu kontzertuak Musika Bandak. Lehen Musika Plazan jotzen zuten, baina Isastik azaldu duenez, kalea batzuetan "zaratatsuegia" suertatzen zen Bandarentzat. "Normala den moduan, jendea poteatzen, hizketan edo jolasean egoten zen". Modelon ere eskaini izan dute kontzerturen bat, eta entzuleentzat oso leku egokia zen arren, musikariek ez zuten elkar behar bezala entzuten. "Modeloren berritze lanak amaitzen direnean berriro probatuko dugu agian".
Merkatu Plazako lehen solairuko akustikarekin gustura daude Musika Bandako kideak, eta lurrean dagoen zulo horrek espazio handia kentzen dion arren, leku "egokitzat" dauka Bandako zuzendariak.
Amaitzeko, Isastik Musika Bandan daukaten giro ona azpimarratu du. "Baliteke jendeak kanpotik zahar kutsua hartzea Bandari, baina guk ez dugu horrela sentitzen".
Musika Eskola ere kalera
Datorren ostegunean, Santa Zezilia egunez, Musika Eskolako ikasleak kalejiran aterako dira kalera txistulariekin eta herriko abesbatzetako kideekin batera. Ondoren, guztiek batera ospatuko dute eguna txokolate beroa hartuz.