Kulturaniztasuna, mahaiaren bueltan

Zarauzko Hitza 2018ko aza. 16a, 08:00
Jatorri ezberdinetako zarauztarrak, elkarteetako ordezkariak eta Udaleko ordezkariak elkartu dira prentsaurrekoan. (Amaia Urbieta Arruti)

Bertakoak ekimena antolatu du bosgarren aldiz Zarauzko Udalak. Bazkaltzeko elkartuko dira herriko hainbat elkartetan jatorri desberdinetako zarauztarrak. 

Beste urte batez, mahaiaren bueltan elkartuko dira Zarautz osatzen duten kultura ezberdinak. Aurtengo hitzordua abenduaren 1ean izango da, eta Udaleko ordezkariek herritarrak parte hartzera gonbidatu dituzte. 

Iratxe Zorrozua Immigrazio zinegotziak azaldu du "gu bezalakoa ez denarekiko dauzkagun aurreiritziak eta  mesfidantzak uxatzeko modurik eraginkorrena dela elkar ezagutzea". Hain zuzen ere, horixe da Bertakoak proiektuaren helburua. 

Zortzi jatorri ezberdinetako jendeak zortzi elkartetan izango ditu bazkariak. Hain zuzen ere, Sahara, Bolivia, El Salvador, Maroko, Kolonbia, Senegal, Nikaragua eta Guatemalako zarauztarrak Alkartasuna, Arrano, Batzokia, Ezkertoki, Kurpil, Francisco de Zurbaran, Itsasmendi eta Iñurritzako elkarteetan izango dira. Julen Arangurenek azaldu duenez, helburu bikoitza dauka ekimenak. "Batetik, herriko kulturaniztasuna isladatu nahi da. Izan ere, 64 herrialde ezberdinetako jendea dago Zarautzen. Bestetik, bi norabidetako integrazioa nahi dugu bultzatu. Etorri denak integratzeko ahalegina egin behar du, eta baita bertakook ere".

Ekimenean izena emateko hiru modu daude. Udaleko Gizarte Zerbitzuetan bertan egin daiteke, Zigordia kaleko 33 zenbakiko lehenengo solairuan, baita telefonoz edo posta elektronikoz ere, 943-00 51 27 telefono zenbakira deituta, edo immigrazioa@zarautz.eus helbidera idatzita. Azaroaren 26ra arte egongo da zabalik izena emateko epea, eta bazkariak 10 euroko kostua izango du.