Brigadako enkargatua kontratatuko du Urola Kostako Udal Elkarteak

Zarauzko Hitza 2018ko aza. 16a, 13:37

Sei hilabeterako kontratua eskainiko du, eta izena azaroaren 23a baino lehen eman behar dute interesa dutenek. Hautatuaren zeregina izango da eskualdeko gune publikoetan mantentze-lanak egingo dituen brigada zuzentzea.

Urola Kostako Udal Elkarteak sei hilabeterako pertsona bat kontratatuko du. Mantentze-lanak egiteko lantaldearen enkargatua izango da, eta eskualdeko hainbat eremu eta espazioetan arituko dira beren jardunean.

"Taldea koordinatzea, lantaldearen laneko segurtasun eta osasuna zaindu eta bermatzea, lanak antolatzea, lanean erakutsi eta laguntzea eta lanen kalitatea zaindu eta bermatzea" dira egitekoak, udal elkarteak azaldu duenez.

Hautagaiek Lanbide- Euskal Enplegu Zerbitzuan alta egoeran inskribatuta egon beharko dute eskabidea aurkezteko epe-muga amaitu aurretik. Azaroaren 23an amaituko da lanposturako izena emateko epea hori.

Argibide guztiak Urola Kostako Udal Elkartearen webgunean daude irakurgai.