Asfaltatze lanak eta beste hainbat berrikuntza, Mendilauta kalean

Zarauzko Hitza 2018ko aza. 16a, 15:14
Iban San Martin, Mendilauta inguruan. (Zarauzko Udala)

Vista Alegre eta Itxasmendi auzoetako lanak amaituta, Mendilauta kalean izango dute jarraipena asfaltatze lanek.

Datorren astelehenean, azaroaren 19an, hasiko dira obrak eta bost eguneko epean amaitzea aurreikusten dute, beti ere eguraldia horretarako egokia bada.

Asfaltatze lan hauen ondorioz, Mendilauta kalean, Orixe kalean eta Zinkunegi kalean (Mendilauta eta Zumalakarregi artean) ibilgailuen aparkamendua eta zirkulazioa debekatuko da. Hori dela eta, Mendilauta eta Orixe kaleetako garajeetako jabeen sarrera-irteerak 20:00etatik 08:30era bakarrik baimenduko dira. Ordutegi horretatik kanpo, ezingo da garajeetara ez sartu ezta atera ere, beraz.

Norabide aldaketak

Asfaltatze lanez baliatuz, zenbait kaleetan ibilgailuen zirkulazioan norabide aldaketak egingo dituztela jakinarazi du Iban San Martinek, Obra eta Zerbitzu zinegotziak. Orain arte, Mendilauta kalean, Argiñano jatetxeko norabidean, Axular kaleraino joateko aukera zegoen eta bertan, eskuinera bira egin. Bira hori egiteko espazioa "oso estua" dela eta, Axular kalearen norabidea aldatuko da, Mendilauta eta Zumalakarregi kaleen artean. Hemendik aurrera, Zumalakarregi kaletik sartu beharko da Axular kalera, bai Mendilautara joateko baita Nafarroa kalera ateratzeko ere. Era berean, Zumalakarregi kalearen eta Mendilauta kalearen norabideak ere aldatu egingo direla azaldu du zinegotziak, Axular eta Zinkunegi kaleen artean. Beraz, hemendik aurrera, Mendilauta kaletik Argiñano jatetxe parera iristean, Zinkunegi kalera biratu beharko da.

Edukiontzien aldaketak eta aparkaleku gehiago

Azkenik, Mendilauta 21 zenbakiaren parean zeuden edukiontziak kenduko dituzte eta aparkaleku eta bizikletak uzteko gune gehiago jarriko dituzte Mendilauta kalean zehar. "Hondakinak biltzen dituen kamioiak atzera-martxa egin behar izaten du Mendilauta 21 paretik, Zinkunegi kaleraino, Axular kalean bira egiteko toki nahikoa ez duelako. Mugimendu hori oso arriskutsua denez, edukiontzi puntu hau kentzeko erabakia hartu dugu. Honez gain, Argiñano jatetxearen parean bizikletak uzteko gune bat jarriko dugu", azaldu du zinegotziak.