Ostegunean, azaroaren 22an, izango da Santa Zezilia eguna, eta ohitura den moduan, belaunaldi desberdinak biltzen dituzten hiru abesbatzek hainbat kantu abestu zituzten atzokoan.
Leire Dominguezek zuzenduta, Txinpirin abesbatza izan zen elizako eskilaretara igotzen lehena. Pajaritak txukun-txukun jantzita, Imanol Urbietaren bi abesti eta Gotzon Mendibilen bat (Antxon Sarasuak moldatua) abestu zituzten abesbatza osatzen duten zortzi gaztetxoek. Zarautz Txikiren txanda iritsi zen ondoren; Antxon Sarasua eta Jaione Eskuderoren zuzendaritzapean, Gloria in Escelsis Deo, Caresse sur l'ocean, Mimikusi mama, Non geratzen den denbora eta Lau teilatu abestiak entzuteko aukera izan zen. Zarautz Abesbatzak, berriz, kantu euskaldunak abestu zituen: Baratze bat, Itsasoa, Maite eta Mendekoste festetan. Amaitzeko, hiru abesbatzak elkartu eta Antxon Sarasuaren Musik musik eta Euskal musikaren gorespena kantatuz agurtu zuten kontzetua abeslariek, herritarren txalo zaparradapean.