Euskaraldia

Carmen Hernandez: "Jendeak beldurra dio euskaraz hanka sartzeari"

Amaia Urbieta Arruti 2018ko aza. 17a, 15:28
Hernandez, Euskaraldiaren aurkezpenean. (Aritz Mutiozabal)

Belarriprest izango da Carmen Hernandez Euskaraldian. Avilan jaioa, 31 urte daramatza Zarautzen bizitzen, eta denbora askoan ibili da Euskaltegian ikasten.

Nola ikasi zenuen euskaraz?

Nik ez dut oso ondo egiten euskaraz, baina ia guztia ulertzen dudala esango nuke. 31 urte daramatzat Zarautzen, eta askotan joan naiz euskaltegira. AEK-n ibili nintzen, Salbideko euskaltegian ere bai, baita lehenago Photomuseumen zegoenean ere. Nire familian guztiak euskaldunak dira, beraz, ongi ulertzen dut hizkuntza, baina hitz egitea asko kostatzen zait; ni naiz familiako "ardi beltza".

Zein hizkuntzatan erabiltzen duzu normalean jendearekin?

Elkarrizketa motaren arabera. Egunerokotasunean, gauza txikiak egiteko, euskaraz ongi moldatzen naiz. Erosketak egiterakoan, esaterako, ez daukat arazorik. Jendearekin beste gai batzuetaz hizketan aritzeko, ordea, gehiago kostatzen zait. Ezagutzen nautenek badakite, eta kontu handiagoz hitz egiten didate. Euskara batua oso ondo ulertzen dut, baina hizkera oso itxia daukan jendeari ulertzeko ez naiz horren ondo moldatzen. Nire kuadrillan, esaterako, bi hizkuntzak hitz egiten dira eta ederki moldatzen naiz beti.

Euskaraldiak balioko al du?

Nik uste dut baietz. Niretzat behintzat, txapa hori eramatea esfortzu bat izango da, jendeari niri euskaraz egiteko eskatzen ariko bainaiz, eta jendeak niri euskaraz egiten badit, normalean, ahalegintzen naiz euskaraz erantzuten. Askotan hanka sartzen dut, eta beste batzuetan gaztelerara igarotzen naiz, baina instintuak hizkuntza berdinean erantzutera bultzatzen nau. Are gehiago, hasieran Ahobizi txapa eramatea zen nire asmoa, baina azkenean ez naiz animatu, eta Belarriprest izateko konpromisoa hartu dut.

Ahobizien aldean, ez zarete asko Belarriprest izatera animatu zaretenak. Zergatik dela uste duzu?

Euskara ondo menperatzen ez duen jendeak beldurra dio hanka sartzeari. Ni prest nago sakrifizio hori egiteko, baina zaila da jendeak esfortzua egitea. Nik euskaltegian nire antzeko egoeran zegoen jende asko ezagutu nuen, euskara gutxi gorabehera ulertzeko gai direnak, baina hitz egiten ez dutenak. Horiek dira Belarriprest txapa eraman beharko luketenak, baina egunerokotasunean betebehar bat izate horren aurrean jende asko kikildu egin da. Oso seguru sentitzen ez den norbaitentzat esfortzua eskatzen du.

Dena den, Zarautzen euskara asko entzuten dela iruditzen zait niri. Batez ere jende gazteari entzuten diot, eta hori seinale ona da, gainera, pertsonalki asko gustatzen zait euskara, oso hizkuntza polita da.