Ia prest dute ZKEren urteurren egitaraua

Dorleta Agiriano Lai 2018ko aza. 22a, 16:41
Gaur eguerdian egin dute agerraldia aldundiko, udaleko eta ZKEko ordezkariek (Dorleta Agiriano Lai)

ZKEren hamabi sailetan ekitaldi bereziak egingo dituzte 2019an, Izaera zuri-beltza lelopean. Esaterako, bertso derbia, herri kirol olinpiadak eta Euskadiko eskubaloi selekzioaren norgehiagoka.

Zarautz Kirol Elkartearen 75. urteurrenari hasiera emateko lehen ekitaldi berezia abuztuan izan zen, Astiko futbol zelaian: Reala eta Alavesen arteko futbol partida. Dena den, 2019. urtean izango dira ospakizun egitasmo gehienak, orduan beteko baititu 75 urte. Oraindik egitarau osoa jakinarazi ez badute ere, zenbait ekitaldi iragarri dituzte jada.

Gaur egun kluba osatzen duten hamabi sailetan izango dira ekitaldi bereziak. Besteak beste, herri kiroletako modalitate ezberdinetako txapelketa, eskubaloiko, saskibaloiko, errugbiko, areto-futboleko eta squasheko partida eta lehiaketa bereziak, atletismoko lasterketetako edizio bereziak, irristaketako ikuskizunak, xake festa eta hitzaldiak antolatu dituzte.

2019. urterako egutegia ere osatu dute, sail guztietako irudi eta leloekin. Urkian, Aritzbatalden eta Astiko kantinetan jarri dute salgai, bost eurotan.

Gaur eguerdian agerraldia egin dute Zarautz Kirol Elkarteko ordezkariek, Zarauzko Udala osatzen duten alderdi politiko guztietako ordezkariek eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek. Bertan, urteurrenaren harira 2019. urterako antolatu dituzten egitasmo desberdinen berri eman dute, egitaraua guztiz itxi ez badute ere.

Bestalde, Zarautz Kirol Elkarteak 75 urte hauetan egindako ibilbideari buruzko balorazioa ere egin dute.

Izaera zuri-beltza

Izaera zuri-beltza lelopean antolatu ditu ekitaldi bereziak kirol elkarteak. "Izan ere, klubak duen izaera da ezberdin egiten gaituena", Collantesen arabera. "Aukeratu dugun esloganak erreferentzia egiten dio, alde batetik, klubaren izaerari, hori baita ezberdintzen gaituena: gure filosofia, gure pentsatzeko, lan egiteko eta funtzionatzeko modua. Zarautz Kirol Elkartea klub ezberdin bat da, aitzindaria zenbait arlotan, esperientzia askokoa eta erreferentea".

Klubeko lehendakariaren esanetan, "kirol ezberdinak probatzeko aukera eskaintzen jarraitzea eta herritarrek kirolaren bitartez gozatzea" dira klubaren helburu nagusiak. "Kirol-kalitatea ez da helburu bat, ondorio bat baizik. Herritar guztiei zabaltzen dizkiegu ateak".

75 urte hauetan egindako "lan boluntario guztia" ere azpimarratu du Collantesek; "Zuen sailetan eta klubean egunerokoan lanean aritzen zareten pertsona guztiei esker jarraitzen du aurrera klubak", gehitu du.

Lehendakariaren ustez, Zarautz Kirol Elkartea "herriaren esentziaren parte" da, "herritarrei helarazten dizkien baloreengatik". "Klubak Zarautz eta inguruan eragiten du. Emaitzaz haratago hau da gehien betetzen gaituena".

Kirol anitzeko kluba

Gaur egun, hamabi sailek osatzen dute Zarautz Kirol Elkartea: futbola/hondartzako futbola, areto-futbola, atletismoa, errugbia, saskibaloia, xakea, irristaketa, halterofilia, eskubaloia, herri kirolak, squash eta pilota.

Esteban Collantes elkarteko lehendakariak adierazi duenez, "Zarautz Kirol Elkartea Gipuzkoa eta EAE mailan lizentzia federatu gehien dituen kluba da, eta urtero gora egiten du". 2.000 fitxa baino gehiago eta 100 talde baino gehiago barnebiltzen ditu gaur egun, "horietako asko, eskualde, probintzia, autonomia, komunitate edo estatu-mailan gailurrean".

Bestalde, Eskola Kirola programan laguntzeko elkarteak "lan berezia" egin duela ere azaldu du Collantesek; "Eskola kirolen filosofian aitzindariak gara".

Egitaraua

Urtarrilak 28, astelehena:

Bertso Derbia.

Otsailak 24, igandea:

Herri Kirol Olinpiada.

Martxoak 24, igandea:

Plaieroen jardunaldi berezia.

Maiatzak 4-5:

Plaieroetako finalak.

Maiatzak 11, larunbata:

Xake festa.

Maiatzak 18, larunbata:

Halterofiliako Euskadiko Txapelketa.

Maiatzak 25 edo ekainak 1:

Euskadiko eskubaloi selekzioaren norgehiagoka (gizonezkoena).

Ekainak 13, osteguna:

Gipuzkoako Eskubaloi Federazioaren gala.

Ekainak 22-23:

Beteranoen Euskadiko Xake Txapelketa.

Uztailak 6, larunbata:

Halterofiliako Zarautz Saria ospatuko da.

Uztailak 7-13:

Donosti Cup-eko partidak, hondartzan.

Azaroak 3, igandea:

Isidoro Unzueta Krosaren 50. edizioa.

Abenduak 1, igandea:

Kros Mistoa.