Martxan izango da Modelo aste batzuk barru

Onintza Lete Arrieta 2018ko aza. 27a, 12:31
(@XabiTxurruka)

Azaroan bete da urtebete Modelo aretoa eraberritzeko itxi zutenetik. Obrak azken txanpan sartuak daude, eta aste batzuk barru kulturgunea erabiltzeko prest izango da.

2017ko azarotik itxita dago Modelo aretoa. Herriko zinema bakarra eta kultur areto nagusia da, eta horregatik, hura irekitzeko zain izango da herritar asko. Aurreko udalak erosi zuen eraikina, eta iazko abendutik obretan aritu ondoren, lanak azken txanpan sartuak dira. Hala, okerrik ezean, beranduenez urtarrilean zabalduko ditu ateak berriz. 

Kultura Saila arduratuko da Modelo kudeatzeaz, eta dagoeneko prest dute datorren urteko egitarauaren zati handiena. Asteburuetako filmez gain, aste barrurako hainbat emanaldi lotu dituzte. Hala ziurtatu dio egunkari honi Xabier Txurruka alkateak. Aurrerago jakinaraziko dute egitarau zehatza. 

Bien bitartean, inkesta bat dute martxan, herritarren iritzia biltzeko. Galdera batzuk ordutegiei buruzkoak dira, bai haurren emanaldiei dagokienez, zein helduenei dagokienez. Zinema emanaldientzat badute prest ordutegi proposamen bat, eta jakin nahi dute ea herritarrei ondo iruditzen zaien, ala nahiago duten beste bat. Hau da proposamena: ostiraletan 22:00etan; larunbatetan eta igandeetan 17:00etan, 19:30ean eta 22:00etan; eta astelehenetan 17:00etan eta 20:00etan. Emanaldiak proposatzeko aukera ere badute herritarrek (zarauzkohitza.eus atarian dago lotura inkesta egiteko).

Laster, eserleku gehiago

Udal eraikinean lan mardulak egin dituzte urtebete honetan. Esaterako, teilatua osorik berritu dute, termikoki isolatu dute eraikina eta berogailu zein aireztatze sistema egokiak instalatu dituzte. Horrekin batera, instalazio elektrikoa egokituko dute eta behe solairuko nahiz lehen solairuko komunak berritu. Gainera, aretoko zoladura guztiz berrituko dute, oholtza berria jarri eta artistentzat jantzigelak prestatuko dituzte. Eserleku berriak ere jarriko dituzte, eta larrialdiko irteerak egokitu eta irisgarritasuna bermatuko dute.

Modelo berriak eserleku gehiago ere izango du; bikoitza, hain zuzen ere. Lanen berri eman zutenean, Nekane Iribar Kultura zinegotziak eman zituen horren inguruko azalpenak: "Gaur egun aretoaren edukiera mugatua da; 200 pertsonentzat dago tokia segurtasun neurriengatik, eta beheko solairua soilik ireki daiteke". Urtarriletik aurrera, berriz, 440 pertsona sartuko dira areto berrituan. Beheko solairuan 246 lagunentzat eserlekuak izango dira, eta beste 192 anfiteatroan, lehenbiziko solairuan. 815.000 euroko aurrekontua izan dute lanek.